Hilaren 9 eta 10ean, erromatarren propaganda sistema aztertuko duen ikastaroa egingo dute Oiasson, Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen barrukoa.

Mertxe Urteaga eta Ricardo Etxepare, gaurko aurkezpenean
Hamargarrenez jasoko du Irungo Oiasso Erromatar Museoak Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen barruko eskola bat. Hilaren 9 eta 10ean egingo dute, eta gaia honakoa da:
Propaganda inperiala, irudiaren boterea Erroman. Euskal Herriko Unibersitatearen, Oiassoren eta Irungo Udalaren arteko elkarlanetik garatu da egitasmoa.
Mertxe Urteaga Oiassoren zuzendariak eta Ricardo Etxepare Uda Ikastaroen zuzendari ohiak eman dituzte ikastaroaren gaineko xehetasunak gaur. Esan dutenez, Erromako inperioko buruek propaganda sistema eraginkorra zuten, estetika jakinekoa; horretan sakondu nahi dute ikastaroaren bitartez, “boterearen ideia eskultura, arkitektura edo hirigintza eredu batekin islatu nahi izaten zuten enperadoreek”. Ideia horiek badutela gaurkotasuna esan dute biek ala biek.
Oiassoren webgunean dago aukera izena emateko, eta egitarau zehatza ezagutzeko.