Solasaldi bat, Lakaxitan
Udako lau asteazkenetan, uztaileko bitan eta abuztuko beste bitan, hainbat gairi buruzko gogoeta egiteko eta ezagutza pilatzeko egitasmoa abian jarriko du Lakaxita Irungo gaztetxeak. Asteazken Kulturalak izena jarri diote iniziatibari, eta antolatutakoen bidez hainbat galdera erantzun nahi dituzte, “udako egun txepel hauetan elkar ikusi, zalantzak elkarbanatu eta ikastea otu zaigu”.
Uztailaren 8an eta 22an, nahiz abuztuaren 5 eta 19an egingo dituzte jarduerak. Denak ala denak 19:00etan hasiko dira, noski, Lakaxitan. Mamiaz gain, bestelakoak ere badituzte prest Lakaxitakoek: “Pintxoak, poteak, konpainia ona eta maila amateurra izango duten debate interesgarriak. Plan ezin hobea!”.
Ondokoak dira egitasmoaren barruko hitzorduak:
- Hilaren 8an, hitzaldia: Elikadura eta osasuna genero ikuspegi batetik.
- Hilaren 22an, film laburra eta eztabaida: Eta zu gizonezkoa bazina eta ni emakumezkoa? Edo alderantziz?
- Abuztuaren 5ean, argazkilaritza tailerra: Edozein gailurekin argazki txukunak atera ahal izateko trikimailu batzuk.
- Abuztuaren 19an, eztabaida: Arrazistak al gara?