Astelehenean sartuko da indarrean Irunen TAO berrantolatzeko egitasmoa. Hainbat zonalde zabaldu egin dira, baita berriak sortu ere. Bidasoko Hitza.
Astelehenetik aurrera zabalagoa izango da Irungo TAO
Irungo Udalak jakinarazi du astelehenean (ekainak 8) jarriko dutela indarrean TAO aparkalekuak arautzeko sistemaren berrantolaketa. Horren arabera, egungo hainbat gune zabaldu egin dira, eta beste berri batzuk sortu dira. Neurriek eragina izango duten herritarrengana zuzendu da jada udala gutun bidez, bertako egoiliarrek dituzten aukeren berri emateko. Auzo horietan parkimetro berriak eta pintura urdinezko markak jarrita daude jada.
Zehazki, berrantolaketak izango duen eragina honakoa da:
- Pio XII eremua handiagoa izango da, Belaskoeneako goiko aldera iritsiz.
- Beraun eremua handitu egin da, Santiagoraino iritsiz.
- San Juan eremua (Urdanibiaraino iristen zen lehen), Urantzuraino zabaldu egin da.
- Dunboa auzoan TAO gune berria sortu da.
Udalak esan duenez, berrantolaketarekin, TAOren barruan hirian dauden plazak 3.179tik 4.536era pasatuko dira. Horietatik %5 egoiliarrentzako tokiak dira.
Gainera, udalak esan duenez, TAO sistema berria astelehenean abian jarriko bada ere, lehenengo astean arauz kanpo aparkatzeagatik ez da isunik jarriko, baina informazioa jasoko dute euren jabeek.