N2Naticks taldeak, eta B-Boy Monok eta B-Girl Aishak irabazi dute Irungo Break Lehiaketa
60 parte hartzaile baino gehiago bildu zituen Irungo IX. Break Jaialdiak atzo arratsaldean zehar Amaia Kultur Zentroan. Talde onena, eta neska zein mutil dantzari onenak hautatu zituen epaimahaiak.
Akrobaziak eta dantza uztartu zituzten atzo arratsaldean Amaia KZn. Espainiatik, Portugaletik eta Frantziatik iritsitako 60 bat lagunek parte hartu zuten Irungo IX. Break Lehiaketan. “Asebeteta” agertu zen Yerai Macias Irun Break elkarteko kidea parte hartzaile kopuruarekin eta publikoarekin ere. Martindozenea Gaztelekuak eta Irun Break elkarteak antolatzen dute Gabonetako txapelketa.
Hori horrela, 17:00etan ekin zioten jaialdiari. 3 versus 3 formatuan lehiatu ziren talde ezberdinak, eta hainbat txanda irabazi ondotik, N2Naticks taldea onena zela erabaki zuen epaimahaiak. Era berean, B-Boy Mono eta B-Girl Aisha, mutil eta neska dantzari onenak bezala izendatu zituen.