Egunero 90 lagun hartzeko aukera izango du jantoki sozialak
Urtarrilaren 1etik aurrera helduko dio jangelak menu gehiago emateko aukerari eta goizeko txandaz gain, 16:00etatik 19:00etara zabalduko dute ordutegia horretarako. 2010ean martxan jarri zenetik 57.391 menu eman ditu jantokiak.
Irundarrak krisi ekonomikoaren ondorioak pairatzen ari direla agerian gelditu da beste behin. Hala diote behintzat jantoki sozialak eta topalekuak argitara emandako datuek. Izan ere, 2010ean jantoki soziala martxan jarri zenetik hirugarren aldiz handituko dute eguneroko menu kopurua, eta horrekin batera, ordutegia ere zabalduko dute.
Urtarrilaren 1etik aurrera, goizeko ordutegiaz gain, 16:00etatik 19:00etara ere irekiko dute jangela eta era horretan, 90 lagunei eman ahal izango die zerbitzua egunero. Kontuan hartzekoa da 2010ean jantoki soziala abiatu zenean egunero 30 lagunentzako tokia zuela; 2013ko urtarrilean menu kopurua bikoizteko beharra ikusi zuten, eta egunero, 60 lagunen beharrei erantzuteko bitartekoak jarri zituen udalak.
Hala eta guztiz ere, aurtengo martxotik ekainera eta hil honetan bertan zehar 60 lagunen kopurua behin baino gehiagotan gainditu dela jakitera eman du Gizarte Ongizate departamentuak. Aurten lehen aldiz gainera, Eguberrietan ireki du jantoki sozialak.
Topalekuaren beharraz
Gizarte Ongizate departamentuak jantoki soziala abiatzearekin batera, topaleku soziala ere martxan jarri zuen. Kasu honetan ere, eskaerak gora egin du 2010etik hona; esaterako, soilik 2014ean 475 lagun igaro dira bertatik. Izan ere, dutxak eta higiene zerbitzuak, garbigailuak, eta gizarteratzeko eta elkar laguntzeko eremua eskaintzen ditu topalekuak.
Hori horrela, udalak argitara emandakoaren arabera, laguntza eremuak izan du 2014ean zehar erabiltzaile gehien. Halaber, gehien hazi den zerbitzua izan dela erantsi du Gizarte Ongizate departamentuak.