Plaiaundiko kirol instalazioak San Migel-Anaka eremuan kokatzeko proposamena egin du EH Bilduk
Zenbait kirol eta auzo elkartek Zubietaren inguruko proposamena eztabaidatzeko eta San Migel-Anaka eremua proposatzeko bilera eskatu dute udal taldeekin eta alkatearekin urtarrilaren 7an; koalizio abertzaleak bat egin du proposamenarekin.
Plaiaundiko kirol instalazioen kokapen berriak zeresana ematen jarraitzen du. EH Bilduren udal taldeko Oinatz Mitxelena bozeramaileak San Migel-Anaka eremuaren aldeko apustua agerian utzi nahi izan du gaur goizean komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Baina koalizioaz gain, San Migelgo, Anzarango, Belaskoeneako eta Anakako auzo elkarteek, eta Mariño Kirol Klubak San Migel-Anaka eremua kokaleku posible bezala azter dezaten bilera eskatu dute Irungo udal talde guztiekin zein alkatearekin ere datorren urtarrilaren 7an. Zubieta lehenetsitako proposamena izan arren, beste hainbat kokaleku aurreikusi direla nabarmendu du Mitxelenak: Arbes, Buena Vista, Beko Errota eta Oxinbiribil, besteak beste. “San Migel-Anaka eremua kirol instalazio horiek kokatzeko gune egokiena dela uste dugu”, adierazi du bozeramaileak. “Badakigu etxeak eraikitzeko gune bat bezala aurreikusita dagoela. Badakigu Eusko Jaurlaritzarekin eta beste jabe batzuekin hitzarmen batzuk daudela. Oztopo batzuk daudela esan digute baina oztopo horiek gainditu daitezkeela uste dugu”, erantsi du. Irisgarritasuna eta gainontzeko helburuak Plaiaundiko kirol azpiegitura San Migel eta Anaka arteko eremura eramateko argudioetako bat irisgarritasuna da Mitxelenaren aburuz. “Kokaleku hau eskoletatik gertu dagoen kokaleku bat da”, adierazi du. Zentzu horretan, Leka Enea, Hirubide eta San Vicente de Paul ikastetxeetatik 15 minututik beherako distantzia dago; Txingudi ikastola, Belaskoenea, Plaiaundi, La Salle, El Pilar eta Dunboa ikastetxeetatik 15 eta 25 minutuko tartea; eta Toki Alai eta Elatzeta “urrutiago geldituko lirateke”, Mitxelenak azaldu duenez. Hala ere, L1, E25, E26 eta E22 autobus lineak bertatik igarotzen direla zehaztu du bozeramaileak, eta beraz, irisgarritasuna “oinez, bizikletaz zein garraio publikoaren bitartez bermatua dago”. Ildo horretan, “gertutasun hori baduela uste dugu. 30 minutuko edo 2 kilometroko tarte horretan herritarren %70era ailegatuko ginateke; hau da ia 43.000 biztanlerengana iristen da kokaleku hau”. Eremuan zailtasunak ere egon daitezkeela onartu du Mitxelenak, Eusko Jaurlaritzak bere garaian lursail batzuk esleitu zituelako baina etxebizitza politikarekin “beste modu batera egin behar dugula” konbentzituta dago. Kirol azpiegitura eremu horretan kokatzeko “hemen proposatutako 1.130 etxebizitza horien zati handi bat kenduko genuke eta 450 etxebizitza geldituko lirateke zenbaki handietan”. Izan ere, “1.130 etxebizitza horiek ez direla beharrezkoak” uste du bozeramaileak. Hiru helburu beteko lirateke modu horretan Mitxelenaren ustez: kirol instalazioak Plaiaunditik ateratzea, kirol taldeek dituzten beharrei erantzutea eta San Migel eta Anaka auzoek dituzten beharrei erantzutea. Hala, atletismo pistaz gain, errugbi zelaia kokatuko lukete bertan, baina baita futbol zelai bat, frontoi bat, teniserako zelai batzuk eta rokodromo bat ere. Hori horrela, Mariño Kirol Klubarekin, Bidasoa Atletiko Taldearekin, Txingudi Atletismo Taldearekin eta Irun Rugby Taldearekin mintzatu dira koalizioko kideak eta Plaiaundiko baldintzak medio, handik “ateratzeko beharra” helarazi dutela azpimarratu du Mitxelenak. Bukatzeko, urtarrilaren 7rako deitutako bileran parte hartuko dutela baietsi du bozeramaileak. Atxikitako dokumentuan proposamena kontsulta daiteke.