Gabonak ospatzeko asmoz, egitarau berezia antolatu dute Landetxan
Katea-Landetxa Auzo Elkarteak txikiei eta helduei zuzendutako zenbait jarduera antolatu ditu bihartik urtea amaitu bitartean.
Gogoz hartuko dituzte Gabonak Landetxa-Katean. Izan ere, egitarau berezia antolatu du bizilagunen elkarteak Eguberrietara begira, bihar hasi eta urtea bukatu bitartean.
Hori horrela, Mari Domingi eta Olentzeroren bisita jasoko dute bihar larunbatarekin 17:30ean, auzo elkartearen egoitzan. Haurrek idatzitako eskutitzak hartuko ditu bikoteak eta beraz, “bertara etortzera animatu nahi zaituztegu”. Horren ondotik, txokolatada egingo dute bertan.
Abenduaren 24ean bestalde, Olentzerok auzo elkartea bisitatuko du berriz ere, 18:00etan. Oraingo honetan ikazkinak ez du bikoterik ekarriko, bai ordea opariak. Izan ere, umeek igorritako gutunari erantzuna eman nahi dio Olentzerok eta beraz, opari banaketa egitea aurreikusi du bertan.
Hilaren 24ean eta 31n, auzoko hiru abesbatz “baserriz baserri Gabon zoriontsuak eta 2015 urtea ere oparoa izan dadila opatzera” aterako dira. Elizako bi koruk eta Elatzeta elkartekoak parte hartuko dute kantaldian.
Azkenik, “urteari ongi etorria emateko” asmoz, hilaren 31n Urte Zahar egunarekin batera kotilioia izango da auzo elkartearen egoitzan, 01:30ean abiatuta eta gaueko ordu txikitara arte.
Auzo elkarteak adierazitakoaren arabera, iragan igandean Gabon Kanta Jaialdia egin zuten parrokian eta hori ospatzeko asmoz, txokolatada batekin amaiera eman zioten egunari.