Etxea galtzear zeuden 71 familiekin lan egin dute Gizarte Zerbitzuek
Datuetan zehaztutakoaren arabera, 33 familia alokairuan bizi ziren eta beste 28, erositako etxebizitzan. Etxea galtzeko arriskuan zeuden herritarrekin lan egiteko dispositibo berezia martxan jarri zuen udalak 2013ko apirilean.
Irungo Udalaren Gizarte Ongizate departamentuko Maite Cruzado delegatuak etxe kaleratzeen inguruko datuak plazaratu ditu gaur goizean. Hala, 2013ko apirilean Gizarte Zerbitzuek kaleratze kasuak tratatzeko dispositibo berezia abiatu zutenetik 71 familiekin lan egin dutela argitara eman du Cruzadok. 71 kasu horietatik, 33 alokairuan zeuden eta 28 erosketa egoeran. Beste hamar kasuen gaineko zehaztapenik ez du eman delegatuak.
2014ko hasieratik 520.151 euro bideratu ditu udalak etxebizitzarekin erlazionatutako arazoak apaltzeko, eta helburu bera zuten beste 61.813 euro gehiago, larrialdi diru laguntza gisa.