Birziklapenaren inguruan txikienak kontzientziatzeko eta hondakinak bereiztean zenbat dakiten neurtzeko helburuarekin standa jarriko du Txingudiko Zerbitzuak-ek Ficobako haur parkean; 120 metro koadroko azalera hartuko du jokoak.
Abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra bitartean
Eguberrietako Haur Parkea izango da Ficoban. Txikienek espazio propioa izango dute beraz Gabonetako oporraldian zehar eta horren harira, Birziklatzearen Dama Jokoa izenpeko standa jarriko du Txingudiko Zerbitzuak-ek bertan.
Txikienak joko bidez birziklapenaren garrantziaz kontzientziatzea da helburua; baita hondakinak bereiztearen inguruan euren ezagupenak neurtzea ere. “Eguberrietako Haur Parkea aukera ezin hobea da haurrengana eta, hedaduraz, familiengana iristeko eta etxean hondakinak bereizteak duen garrantziaren mezua helarazteko”, adierazi dute antolatzaileek.
Txinzerren postuak 120 metro koadroko azalera izango du. Bertan, telebista pantaila batean hainbat hondakinen irudiak azkar-azkar erruleta moduan igaroko dira. Irudi bat gelditzen denean, hondakin hori bota behar den edukiontziaren kolorean kokatu behar dute parte hartzaileek.
Iazko arrakasta ikusita erabaki dute Txinzerreko arduradunek iniziatiba honi berriz heltzea. Izan ere, 3.200 bisitari jaso zituzten iragan ekitaldian dama jokoaren standean.