Jaizkibelgo borrokaldia, gaindituta
Olinpiadetako bigarren eguneko zuzeneko kontakizuna, diferituan.
Jaizkibelera mugitu zuten igandean bataila eremua Herri Olinpiadetako talde guztiek, edo ia denek, In digu goiza-k ez baitu puntu bakar bat eskuratu momentura arte. Pistak zeharkatuta gora eta behera aritu ziren parte hartzaileak, talderen bat emandako mapatik aterata eta guzti, nonbait mendi martxarako beroketa lanak egiten –ajea ote?–. Beste batzuk ordea, aisa aurkitu zituzten topatu beharreko baserriak eta puntu mordoa irabazi gainera.
Goizeko 09:00etan, igandean, –bai hala da, igandean, goizeko 09:00etan– elkartu ziren taldekideak Gernikako Arbolan. Talde gehientsuenak gogoz agertu ziren bertan, topatu beharrekoa aurkitu, Guadalupera igo, poteatu, dantzatu, mendi martxa neurtuari eutsi –aldaparen batetik akaso kroketarena egin), bidean proba pasa (aldapa hori jaisten belauna ez haustea nahikoa zen proba gainditutzat emateko—, eta soilik eruditoek dakizkiten bi galderei erantzuna eman, berriz ere pista jarraitu, eta jarraitu, eta azkenik, Damarri plazan finkatutako helmuga pasa. Horixe bost ordutan egindakoaren laburpena.
Baina laburpenak alde batera utzita, proba antolatzerakoan Putteruan alabak-ek eta Josu Belea makil idorrean-ek egindako ahalegina agerian gelditu zen. Lehenik eta behin, sei baserrien argazkiak banatu zizkieten talde bakoitzari eta horiek non zeuden jakiteko eremua mapa batean zehaztu zuten. Agudo atera ziren parte hartzaile gehienak, batzuk jakinda nora joan beste batzuk aldiz noraezean bidean tranparen bat egiteko prest.
Pistetan barrena korrikalariak bezala aritu ziren asko, kotxeetako gidariak, baserritarrak eta mendizaleak bidearen erdian gelditu eta baserriak identifikatzeko eskatuz. Kontsultatutako gehienak, beldurraren beldurrez-edo, ezjakinarenak egitea erabaki zuten. Eta halaxe Guadaluperaino iritsi arte. Izan ere, 11:00etan finkatu zuten gehienezko epemuga Guadalupeko gurutzean eta garaiz iristeko-edo, pista ezkutu eta sasi artetik beldurrezko film batean bezala lokatzez beteta agertu ziren bat batean kamiseta gorridun taldekoak –mapatik atera zen talde bera zen–. Zein da horien arazoa baina? galdetu zuten Txofila Sport taldekoak sustoa pasata.
Guadalupeko kantinan trikipoteorako parada hartu zuten parte hartzaileek. Kroketak, txistorra eta sagardoa lau haizetara zabaldu ondoren, eta horren lehen ondorioak sumatzen hasi zirenean, antolatzaileek talde guztiak mendian goiti gidatu zituzten, berriro. Txandaka atera ziren taldeak mendi martxa neurturako, neurtu ez zuten gauza bakarra atera eta bost minutura aldapa mortala jaitsi ahal izateko bidean sortutako tapoia izan zen. Eta ilara itxoin nahi ez zuten zenbaitzuk salto egin eta bat batean desagertu ziren. Sasien erditik lokaztuta atera ziren talde berekoak ote?
Ibilaldia bukatutzat eman behar zutela zirudienean, parte hartzaileak Amuteko paduretan barrena topatu zituzten euren buruak. Bidearen erdian bi mutilek, baso ur ugariz inguratuta, bi galdera zituzten orriak banatu zituzten taldeak iritsi ahala. Galderak txantxetakoak ote ziren gehien entzundako galdera izan zen, eta brometan ez baziren, ziurrenik talde antolatzaileek eta botanikoren batek soilik zuzen erantzun zituztela, San Google-k ere ez baitzuen horretarako erantzunik aurkitzen.
Eta azkenean, Zumardia. Zeruko ateak ireki zitzaizkien zenbaiti eta helmuga igaro aurretik bidean eseri ziren dena eginda zegoela pentsatuta. Eta ez, Damarri plazan finkatu zuten helmuga antolatzaileek.
Hala, euria iritsi zen Damarri plazara parte hartzaileekin batera. Trago batzuk hartu zituzten taldekideek jokaldia komentatu bitartean: “Proba oso polita” izan zela edo “gehiegizkoa”, orotariko iritziak entzun zitezkeen. Gutxi batzuk izan ziren bertan mokadu bat hartzen geratu zirenak. Are gutxiago bertan bazkaldu eta musean aritu zirenak gauera bitartean.
Oarso Bidasoko Hitza-ren kazetarien artean ere komentatzeko modukoa izan zen asteburuko jokaldia. Lehenik eta behin, probaren eguna nahastu eta larunbatean ziren agertzekoak; saioa igandean zela konturatuta, beste kazetari batengan delegatu zuten ardura, eta kazetaria nonbait ere kamiseta gorria zeramatenak bezala, kamera bai, baina bateria etxean ahaztu zuen.
Hortxe igande goizean bost orduz gertatutakoaren laburpena-edo.