Eremu olinpikoa Jaizkibelera zabalduko dute bihar goizean
Olinpiadetako bigarren jardunaldia igande goizean egingo da. Taldeek Guadalupera igo eta bertatik jaitsi beharko dute, bidean proba batzuk eginez. Eguerdian bukatuko da jardunaldia eta festa egingo dute Damarri plazan.
Bihar, igandez, 2014-2015eko Hondarribiko Herri Olinpiaden bigarren proba egingo dute, eta mendian izango da, Jaizkibelen. Olinpiadetan parte hartzen ari diren 36 taldek Eroskitik Guadalupera igo beharko dute, eta ondoren jaitsi, baina igoeran nahiz jaitsieran probak egin beharko dituzte.
Bederatzietan emango zaio hasiera jardunaldiari, Eroskin. Talde bakoitzari argazki batzuk banatuko zaizkie eta bi ordu izango dituzte argazkietan ageri dena aurkitu, argazkia atera, eta Guadaluperaino igotzeko. 11:00etarako Guadalupeko zelaian ageri ez den taldea lehen probatik kanpo geratuko da.12:00ak arte indarrak berreskuratuko dituzte kantinak, hurrengo proba hasi aurretik.
Jardunaldiko bigarren proba martxa arautua izango da, Guadalupetik Damarri plazaraino. Taldeek aurretik antolatzaileek zehaztutako ibilbidea jarraitu beharko dute eta probaren bat egin beharko dute ere bidean zehar.
Damarrin bukatuko da bigarren jardunaldia, eta amaieran festa handia egingo dute Zumardia parean, musika eta guzti.