20 urte beteko ditu Hondarribiko Euskal Liburu eta Diska Azokak aurten. Igandera arte euskarazko liburu eta diskoak erosteko aukera izango da Arrantzale auzoan, 11.00etatik 13.30etara eta 16.30etik 20.00tara. Xabier Etxaniz Rojo trintxerpearrak iazko liburu salduenaren saria jaso du.
Azokaren aurkezpenean euskal sorkuntza kontsumitzeko eskatu zuten
Bere XX. ekitaldirako Arrantzale auzora itzuli da aurten Euskal Liburu eta Diska Azoka. Igandera bitarte, aukera paregabea izango dute Durangora joan ez zirenek, eta joandakoek ere, liburuak eta diskoak %10eko deskontuarekin erosteko aukera izango baita. 11.00etatik 13.30etara eta 16.30etik 20.00tara irekiko du eta Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolatzen du, Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin.
Atzo aurkeztu zuten azoka, udaletxean. Bertan izan ziren Txomin Sagarzazu Euskara Zinegotzia, Karmelo Goikoetxea Euskara Teknikaria, Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Azoken Batzordeko azoken koordinatzailea, eta Xabier Etxaniz Rojo, iaz gehien saldutako liburuaren egilea.
Zinegotziak onartu zuen azokarekin udalak ahalegin berezia egiten duela abenduan, baina erantsi zuen urte osoko lana dela euskarazko sorkuntza sustatzea. Hala, larunbatean literatur sarien banaketa egingo dela gogoratu zuen Sagarzazuk. Halaber, hondarribiarrei azoka bisitatzeko gomendatu zien, eta euskarazko literatura eta musika kontsumitzeko.
Euskarazko industria bat
Hondarribiko Udalak eskatu zuen duela 20 urte azoka jartzea, Muniategik gogorarazi zuenez: “Euskal sorkuntza bultzatzeko gogoa adierazi zuten, eta hori eskertzekoa da beti”. Bi hamarkadetan gauzak asko aldatu zirela adierazi zuen, “lehen gehiago erosi” egiten zela, eta Internetetik literatura eta musika jaisten dutenei zuzendu zitzaien, “legalki egiteko”.
Xabier Etxaniz Rojo
Urtero 2.500 liburu inguru argitaratzen direla gaineratu zuen Muniategik, “industria bat dago”, eta euskaraz irakurtzeko eta musika entzuteko konpromisoa beharrezkoa dela gaineratu zuen: “Ahal duenak erosi dezala, eta ezin duenak erabil ditzala liburutegietako mailegu zerbitzuak”.
Ekitaldiaren amaieran, Xabier Etxaniz Rojok, iazko ekitaldian liburu gehien saldutako idazleak, Erreginaren baluartea duen oroigarria jaso zuen Sagarzazuren eskuetatik. Trintxerpearrak
Sirena hotsak liburua argitaratu zuen iaz, eta harrera oso ona izan zuen, bai kritikaren partetik, baita erosleen aldetik ere.