Ostegunero eta maiatzera bitartean eskainiko dute pintxo-potea Palmera-Monteroko ostalariek bi euroren truke. Auzoa dinamizatzea da iniziatibaren helburu nagusia.

Palmera-Monteroko ostalariek pintxo-potea aurkeztu dute
Biribil, Eguzki, Zura, Izkira eta Vollmer tabernek osteguneko pintxo-potearekin bat egin dute, gaur jakinarazi dutenez. 19:30etik 21:30era bitartean egingo dute pintxo-potea, 2 euroren truke. “Bezeroarekiko arreta zerbitzu handiko tabernak gara, eta kalitatezko produktuak eta ardo ona eskaintzen ditugu”, adierazi du Zura jatetxeko Alberto Liebana arduradunak.
Hala, ostegunetik aurrera eta maiatzera bitartean eskainiko dute pintxo-potea, jaiegunak kenduta. “Pintxo bat hartu, trago bat eta ostegunak bertan disfrutatzea da ideia orokorra”, erantsi du Alvaro Zapico Izkirako arduradunak. Hori horrela, “ardo gazte batekin lan egingo dugu denek”, azaldu du Liebanak, “pintxoen kalitatea bermatzen saiatuko gara, hori beste leku askotan ez dute egiten, eta era horretan gainontzekoengandik ezberdintzeko ahalegina egingo dugu”.
Tabernariek bat egin dute ahalegin komun honetan Palmera-Monteroko “gunea dinamizatze aldera”. Izan ere, “udalak zenbait iniziatiba bultzatzen ditu erdigunean eta gu aldenduagoak gaudenez, iniziatiba pribatuaren bitartez egitea erabaki dugu”, adierazi du Liebanak. Gabonak bertan direla eta, “aurten ez digute gamelurik eta ezer jarri eta gu ez bagara mugitzen inork ez gaitu lagunduko”, erantsi du Zura jatetxeko arduradunak.