Gazte Xaiako zine forumean animaziozko bi ekoiztetxeen arteko desberdintasunak aztertuko dituzte abenduko ostiraletan. 22:00etan izaten dira proiekzioak, Puntaleko eskola zaharrean.

Aste honetan ‘La princesa Monokoke’ emango dute
Gazte Xaiak
Zinema konparatua zikloa abiatu zuen ostiralean, Ikusmira zine forumaren barruan. Animaziozko lau filma proiektatuko dituzte abenduko lau ostiraletan, bi AEBko Disney etxeko ekoizpenak, eta beste bi Japoniako Ghibli estudiokoak. Gai desberdinak nola tratatzen dituzten konparatzeko aukera izango dute, eta horretaz eztabaidatu. Joan den ostiralean,
El Rey Leon ikusi zuten, eta aste honetan
La princesa Monokoke proiektatuko dute.
“Ziklo berri honetan Disney eta Studio Ghibli-ren pelikulak konparatuko ditugu naturaren eta generoaren problematikan zentratuz. Honekin batera zinemak errealitatea sortzeko daukan boterea eztabaidatzeko aukera izango dugu, umeak ez bezala irizpide sendo eta koherenteak defendatzeko gai garen indibiduo kritikoak baikara… ala agian ez”, erantsi dute Ikusmirako antolatzaileek.
Proiekzio guztiak Puntaleko eskola zaharrean izaten dira, 22:00etan, doan.
Zinema konparatua zikloa
- Hilak 5: El Rey Leon (AEB).
- Hilak 12: La princesa Monokoke (Japonia).
- Hilak 19: El castillo ambulante (Japonia).
- Hilak 26: Brave (AEB).