Hona hemen garai berriko Hondarribiko II. Herri Olinpiadetako lehen kronika serioa. Agian ez da kronika serio bakarra, baina hau da batzorde olinpikoak babesten duena, eta horregatik argitaratzen da hain berandu, batzordearen aginduz testuak filtro asko pasatu behar dituelako.
Barkukoak laguntza eske, Hendaiatik irten eta ordu erdira gutxi gorabehera
Hona hemen garai berriko Hondarribiko II. Herri Olinpiadetako lehen kronika serioa. Agian badira kronika serio gehiago, baina hau da batzorde olinpikoak babesten duen bakarra, eta horregatik argitaratzen da hain berandu, batzordearen aginduz testuak filtro asko pasatu behar dituelako. Batzordeaz gain, Hondarribiko udalak, Aguraingoak —ez galdetu zergatik, ez dakigu—, Arma Plaza Fundazioak, Itsas Komandantziak, SGAEk, Txinzerrek, Marilo Monterok eta Carlos Urquijok —azken hau ez dakigu nor den—, horiek guztiek irakurtzen dituzte gure testuak argitaratu aurretik, eta beharrezkoak ikusten dituzten aldaketak egiten dituzte. Benetan esaten dizuegu irakurtzen ari zareten honek ez duela hasierako testuarekin zerikusirik, ez da guk idatzia.
* norbaitek jatorrizko testua irakurri nahiko balu, seriespepito webgunetik jaitsi dezake. Aste honetan arazo batzuk izan dituzte —.eus domeinura pasatzekoan edo—, baina ataria laster berriro martxan egongo dela pentsatzen dugu. Larunbat bazkalostean hastekoak ziren garai berriko II. Olinpiadak, XI.enak lehengo jokoak batuta. Batzordeak komunikabideei bidalitako oharraren arabera, laurak laurden gutxitan iritsi behar zen lastargia benta zaharrera, baina koordinazio arazo batzuk medio, atzeratu egin zen. 36 taldek eman dute izena aurtengo olinpiadetarako eta batek salbu —In digu goiza-koei ez zien atsaldea in—, gainontzekoek ordezkaritza bat bidali zuten suaren bila. Zain zeudela zuzenean ikusi ahal izan zutelako sua zekarren ontziak Hendaiatik Hondarribira egindako ordubeteko ibilbidea.
Gerora jakin dugu batzorde olinpikoa nahastu egin zela barkukoei nabigazio karta pasa zienean, eta horren ordez txingen probako marrazkia eman zien —nabigazio karta ikusi nahi duenak seriespepitotik jaitsi dezake—. Mapa okerra zutelarik, badiako txalupa guztien albotik pasatu ziren, hutsik gabe. Gertatzen ari zena ikusita Komandantzian larritu egin ziren hasiera batean, Espainiako banderaren ordez Barakaldo FC-arena zeraman ontzi bat penintsulara gerturatzen ari zelako, baina radarrak jasotako marrazkia aztertu eta gero, Iker Martinezen eta Xabi Fernandezen belaontzia izango zela pentsatu zuten, eta La2-eko dokumentala ikusten jarraitu zuten.
Taldeetako ordezkariak, bentatik abiatzen
Barkuan, hiru taldetako kideak zihoazen: Ashkoraxekoak, ontzia beraiena zelako, Tximistakoak, ekitaldiko ardura zutelako, eta iazko irazbaleak, Usain Boltiyeruan Semiak —aita bera dute, baina aurten ‘B’-rekin idazten dute izena—. Tximistakoek erosi zuten barkurako erregaia, baina ez ziren konturatu Ashkoraxekoak lehengo olinpiadetan parte hartutakoak zirela, eta haien barkua modernotik gutxi zuela. Horregatik, gasolinaren oktanotan nahastu egin ziren eta motorra —bai, motorra zuen— ez zen behar bezain ondo ibili. Izurdeen laguntzarekin iritsi ziren ontziralekuraino, bestela ez zuten lortuko.
* norbaitek barkuagatik interesa balu, igandean brokante azokan aurkitu dezake, merke, baina motorra aldatu behar zaio.Halako batean hasi ziren
Tximistak antolatua izanagatik, behin lurrean zegoela ziztu bizian iritsi zen lastargia Arrantzale auzora eta merezitako harrera egin zitzaion. 3.000 lagun inguru zeuden han —bueno, gutxi gorabehera— su olinpikoaren zain, eta UBSko kidea pebeterora hurbildu eta deabruaren keinua egin zuenean, orduan hasi zen Akelarrea. Ze eskandalua.
Izan ziren zalaparta dela-eta kexatu zirenak —batez ere Portuan, baina Mendelutik ere kexaren bat iritsi da—, eta beste batzuk, inguruko lehen eta bigarren pisukoak, kexatu ziren banderek ez zietelako ikusten uzten. Iaz Bionttuakekoek aurkeztu zuten luze hark hutsaren hurrengoa zirudien bandera berri batzuekin konparatuta. Batzordea aztertzen ari da talderen batek ez ote duen lapurtu Pasaian egiten ari diren San Juan baleontziaren masta —egia bada itzuli mesedez, Pirritx eta Porrotxek behar dutelako astelehenerako—. Zalantza hori argitu bitartean, esan daiteke taldeak bandera egiten bezain fin arituko balira txapelketan, inoiz lortutako munduko marka kopuru handiena lor daitekeela 2014-2015eko jokoetan. Lan bikaina egin dute jostorratzarekin.
Sua pizteko unea goizaldeko zazpitako rolloa bezalakoa izan zen, polita baina laburra, batzordea horretan ere nahastu zelako eta egur ignifugoak erosi zituelako –ikus taldeen aurkezpeneko argazkiak—. Jonas Ormaberak [abizenez, afizioz hormagora] arazoa konpontzen saiatu zen, baina gogo gehiegi jarri zuen eta Hondarribira gerturatzen ari zen arrantza ontzi batek ozta-ozta ez zuen arrokekin jo, kapitainak uste izan zuelako pebeterotik ateratako sugarraren lekuan zegoela Higerreko farola. Albiste ona da Irungo Metal Norte elkartekoek Ormabera kontratatu dutela, talde heavy-ek Tunken jotzen dutenean suzko efektoak sor ditzan.
Taldeen aurkezpena baliatuta, iaz banatu gabe geratu zen saria emateko aprobetxatu zuten. Koldo Emeryk jaso zuen Mingain abilenari saria, merezita! Batzordeak ez dio olinpiadetan parte hartzen uzten Emeryri, “kontakizuna egin behar duelako”, baina bera da jokoetako fitxaketa onena. Aurten kantatzen ere entzungo dugu askotan, Elektropatxarangaren abesti berriko ahots nagusia berea delako, baita kantaren letra ere.
Lehen proba, herri kirolak
Herri kirolen probak egin zituzten lehen jardunaldian (ikusi argazkiak). Iazko kronikak irakurri zituztenek —norbaitek irakurri bazituen— gogoratuko dute udalak ez zuela baimenik eman herri kiroletako probak San Pedro kalean antolatzeko, auzoan lanetan ari zirelako. Aurten, ordea, batzordeak lortu du baimen hori eta Arrantzale auzo pareko San Pedro kalearen zatian egin zituzten herri kiroletako probak.
Baina HITZAk jakin izan duenez, udal brigada oraindik aztertzen ari da larunbat arratsaldean izandako kalteak, eta Portuko lanetako bigarren fase osoa berriro egin beharko dutela uste dute. San Pedro kaleaz gain, Santiago, Zuloaga eta Matxin Artzu kaleetan mugitu da lurra eta etxebizitza batzuk erortzeko arriskuan geratu dira. Kale Nagusiko iturriek adierazi dutenez, “udala oso kontent dago gazteek olinpiadak antolatu dituztelako. Faktura Puntaleko eskolan utzi dugu”. Gauza da, postaria nahastu egin zela, eta Emekikoen postontzian utzi zuela Portuko auzoa berriro hiritartzeko lanen faktura, eta emakumeak oraindik ez direla sustotik erabat berpiztu. Gertatutakoa ikusita, batzorde olinpikoak Emekikoekiko elkartasuna adierazi eta oharra kaleratu du jendartea lasaitzeko: “Ez du axola, jokoek jarraituko dute. Aurtengo aurrekontuarekin iritsiko zaigu Portuko lanak berriro egiteko, baina farolako errepide berria ezingo dugu abuztuan eraiki, pentsatu genuen bezala”.
Lau herri kirol proba egin zituzten larunbatean (ikusi bideoak olinpiadetako atal berezian): zaku lasterketa biko-lauko taldeetan, txinga slaloma, lokotz biltzea binaka hankak lotuta, eta giza karretilen lasterketa. Azken honetan partaide batek sorbaldan mina hartu zuen eta taldekideek ospitalera eraman zuten, bazpada; ateratako sorbalda kolax konpondu zioten eta hurrengo probarako osatuko dela espero dute. Erorketa gehiago izan ziren, 3.000 eta 4.000 artean. Batzuk euren taldearen propaganda egiten aritu ziren etengabe, Ziplo lurrera! eroriaz. Orohar, iaz egon ez ziren taldeei kosta egin zitzaien olinpiar jokoetako lehiaketa erritmora moldatzea, baina beste batzuk oso ondo aritu ziren euren estreinaldian, hala nola, Anizakillak, Heldu da biasoia! eta Nudistak eta naturistak, lehen hamarren artean geratu zirenak (ikus sailkapena Gazte Xaiaren blogean)
Talde berriei kosta zitzaien arauak ulertzea
Esan beharra dago talde batzuek baja garrantzitsuak izan zituztela, bereziki herriko futbol taldeetan jokatzen duten kideeak dituztenak (aupa bikingoak, ondo ari zazte!), In digu goiza edo Xerinkeneko erliak, esaterako. Lehenengoek ezin izan zuten parte hartu baina Antxeta irratiko Kiroletik saioan esan zuten hurrengo probetan izango direla. Ttanttu Tronkok ere baja garrantzitsu bat eduki zuen, eta horregatik ez zuen irabazi; 33. tokian dago taldea baina Kirol Jokoan eta Retan oraindik sailkapen nagusia irabazteko faborito bezala azaltzen da.
Aurten hiru dira garai bateko olinpiadetako ordezkariak biltzen dituzten taldeak. Iaz Ashkoraxek parte hartu zuen eta aurten errepikatuko dute, Adaxka ta baxka mitikoa gehitu zaie, eta Kasko hutzak ere ari da parte hartzen —taldea berria da, baina kirolariak eskarmentukoak—. Laranjakoek (Adaxka ta baxka) oraindik sasoiko daudela erakutsi zuten eta sailkapenaren erdialdean sailkatu ziren, gazte askoren aurretik. Beste biak okerrago, baina irribarre politenaren sarirako hautagaiak izango lirateke, sari hori balego. Biba zuek!
Karramarro zikiñak izan ziren nagusi herri kiroletan, Hok ez pattuk!-en aurretik. Talde berria da Karramarro zikiñak, baina partaideak ez; iazko La Orehakoak dira. Beraiek baino txuloagorik ez dago olinpiadetan, eta horregatik ez ziren logo lehiaketara aurkeztu, eta sailkapeneko 26. tokian jarri dira. Esan beharrik ez dago mota askotako probak biltzen direla Hondarribiko Herri Olinpiadetan, kiroletakoak, kulturalak, abileziakoak, lotsagabeak… eta denetan ondo ibili beharra dagoela irabazteko, edo epaileen laguna izatea.
Olinpiadetako logoa ikertzen ari dira
Hok ez pattuk!, sorpresa aurpegia jartzen
Argazki ofiziala egitearekin batera talde gehienek olinpiadetako logo proposamena aurkeztu zuten; lehen proba puntuagarria izan zen hori. Epaileak goi mailakoak izan ziren (Iñaki Arzak, Idoia Bereau, Mikel Mariskal eta Jesus Mari Mendizabal Bixargorri), ez ordea herri kirolen ondoren egindako sari banaketaren ekitaldia, hori desastrea. Datu bat: talde bakarra agertu zen Emeryri laguntzeko marrazkien sailkapenaren berri eman zezan, eta, kasualitatez!, talde horrek irabazi zuen proba hori. Hala, gainontzeko guztiek hurrengo proba guztietan laguntzeko eman dute izena dagoeneko. Batzordeko kide batek onartu du ari direla puntuatzeko sistema informatikoan hobekuntzak egiteko aztertzen. Beharko, Contadorren solomilloaren aferatik ez baita halako iluntasunik ezagutu eskualdekoan.
Hori horrela, Hok ez pattuk! taldeak irabazi zuen logoaren proba, eta lider jarri dira behin-behinekoz, herri kiroletan bigarrenak izan zirelako. Noski, jasotako salaketa kopurua ikusita —36 taldek inpugnatu dute emaitza, Hok ez pattuk! ez beste 35ak eta iazko talde batek, Zahartrosisek—, batzordeak gertatutakoa aztertuko du, edo hori esan dute behintzat.
Marrazki (edo argazki) irabazlea
Tranpa egin ote duten bakarrik ez, marrazkia bera ere ikertzen ari da batzordea. Izan ere, Jaizkibel Mendia Babestu Dezagun talde ekologistak uste du Hok ez pattuken irudia ez dela marrazkia, argazkia baizik, olagarro bati Amuitz inguruan egindako argazkia. Eta Ingurumen fiskaltza salaketa aztertzen ari da.
HITZA Iker Jimenez adituarekin jarri da harremanetan eta ikerlari gasteiztarrak batzordearen susmoak baieztatu ditu: “Ez dago zalantzarik, logotipoa 4,8 metrotik eta argi fluoreszente gorriekin begiratuz gero, argi ikus daiteke animalia bere borondatearen kontra sagardoarekin mozkortu zutela, bere burua defendatzeko isuritako tintak erakusten duen bezala… eta hori ez da guztia, bizirik zegoela berdez margotu zuten, eta adarrak jarri zizkioten, bere borondatearen kontra hori ere. Seguraski, une horretan olagarroak aizkora eta sua besoetan hartu zituen eta Hok ez pattuk!-ekoen kontra hasi zen, eta ihes egitea lortu zuen, baina aurretik argazkia atera zioten”. Jimenezen ustez, esandako guztia erraz demostratu daiteke: “Olagarroaren begiaren argitasuna ez dator bat irudiaren tonu orokorrarekin, eta horrek demostratzen du argazkia kortinillako flash moduarekin atera zutela. Kartulinaren atzeko aldean begiratuko bagenu, beste begian ez genuke halako diztirarik ikusiko, flasharen argia jaso ez duelako begi horrek”. Gainera, bideoafizionatu batek dena grabatu omen zuen eta asteartean seriespepitora igo zuen grabazioa. Badakigu Hok ez pattuk!-ekoak eskatu dutela webgune hori ixteko, baina itxiko balute, ez litzateke serioa izango.
Hau da 2014-2015eko herri olinpiaden lehen egunean geratu zena. Bueno, trikipoteoaren aurretik gertatutakoa, trikipoteoaz eta gerokoaz idatzitako guztia zentsuratua izan baita. Hori bai, irakurri nahi duenak badaki nondik deskargatu dezakeen…
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.