Zenbait gabezia idenfitikatu arren, "positibotzat" jo ditu EH Bilduk parte hartze prozesuak
Gipuzkoako Foru Aldundiaren kasuan, "komunikazio" eta "mobilizazio" falta sumatu ditu koalizio abertzaleak, eta Irungo Udalekoan aldiz, prozeduran "argi-ilunak" ikusi dituzte; edozein modutan, gabezia horiek "erraz gainditu daitezkeela" uste dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak garatutako parte hartze aurrekontu prozesuak hizpide izan zituen atzo Juan Mari Unanue EH Bildu udal taldeko kideak. Bi prozesuak “positibotzat” jo zituen, baina “hobetu daitezkeela” gaineratu zuen. Izan ere, bi kasuetan, “hutsune” batzuk topatu dituztela adierazi zuen koalizioko kideak. Hori dela eta, “bi pauso aurrera eta bat atzera” esaldia nabarmendu nahi izan zuen; bi aurrera bi parte hartze prozesu garatu direlako, eta bat atzera, biak “hutsuneak” izan dituztelako.
“Lehen aldia da Irunen bi parte hartze prozesu egiten direla” azaldu zuen atzo udaletxean Unanuek. Lehena, diputazioak bultzatutakoa izan zen. Unanueren arabera, “ez dute jendea motibatzen jakin eta ez dira udalekin –Hondarribikoa eta Irungoa– akordioetara iritsi”. Beraz, haren ustetan “lanketa bat behar zen ez dena aurrera eraman”.
Udal gobernuak bultzatutako prozesuan aldiz, “zenbait hutsunek ez zuten prozesua argi ikusten uzten, batez ere, proposamenak biltzeko garaian eta horiek aztertzeko orduan”, gaineratu du hautetsiak.
“Hobetzea erraza da”
EH Bilduren udal taldeak bi proposamen egin zituen atzo aipatutako gabeziekin bukatzeko. Ildo horretan, batetik ondokoa proposatu zuten koalizioko kideak: “udala parte hartze prozesuaren alde badago, haren eskuan dagoena egin dezala urtero halako prozesu bat garatzeko, udal gobernuan zein dagoen kontuan hartu gabe”.
Bigarren proposamenaren arabera, “batzuen eta besteen arteko akusazioak alde batera utzita, aldundiko eta udaleko teknikariek prozedura komun bat diseinatzea” nahiko lukete.
Zentzu horretan, “denak ikasten” ari direla eta “pixkanaka hobetzen” joango direla uste du Unanuek.