2004 urriaren 4an Hondarribian hil zen
Martin Ugalde. 1921ean Andoainen jaioa, idazle, kazetari eta politikaria izan zen Ugalde, gizon osoa, eta omenaldi osoa prestatu dute gaurko, hil zela hamar urte bete direnean. Ugalderen bizitza eta uzta ikertu duten Larraitz Ariznabarretak, Igor Agirrek eta Ione Amonarrizek hitzez, irudiz eta soinuz gogora ekarriko dute Ugalderen ekarpena Kultur Etxean (Denda kalea), 19:30ean.
Ekitaldia hasteko, Larraitz Ariznabarreta literatura irakasleak
Deserriaren kartografia(k) goiburuko hitzaldia emango du. Ariznabarretarentzat,
Ugalde finkatutako egiaren kontra borrokatu zen beti, eta ideia horretatik abiatuko du gaurko hizketaldia.
Ondoren,
Martin Ugalde: Bihotza golkoan dokumentala proiektatuko dute. Igor Agirrek eta Ione Amonarrizek sortua da eta Berria egunkariak urrian argitaratutako
elkarrizketan azaltzen duten bezala, dokumentala ez da Ugalderen biografia bat: “Hori errazena zen. Beste begirada edo ikuspuntu batekin egin nahi izan dugu dokumentala”. Ikasketa amaierako proiektu gisa egin zuten ikus.entzunezkoa, eta gaur Hondarribian ikusteko aukera izango da. “Nahiko genuke ahalik eta gehien zabaltzea, belaunaldi berriek Martin Ugalde nor izan zen jakiteko”, erantsi dute bi egileek.
Amaitzeko, Uhats taldeak musikaz girotuko du gaur arratsaldean Martin Ugalde idazle, kazetari eta politikoari bere herrietako bat izan zen Hondarribiko Kultur Etxean egingo zaion omenaldian. Urriaren 4an hamar urte bete ziren Martin Ugalderi bihotza Hondarribian gelditu zitzaiola, atzetik arrasto handi utzita. Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, omenaldia jasoko du Kultur Etxean.