130 lagun baino gehiago bildu ditu Sareuskak antolatutako Mintzodromoak Txanaleta plazan. Horrekin batera, euskararen aldeko mezuak biltzeko asmoz Post-it Art iniziatiba garatzen ari dira bertan. Egun osoan zehar egingo dituzte euskarazko eta euskararen aldeko jarduerak.
Sareuskak antolatutako Mintzodromoa
Txanaleta plazan prestatutako karpa jendez gainezka izan da gaur goizean Mintzodromoa iraun bitartean. 130 lagunetik gora bildu ditu Sareuskaren hitzorduak, denak ala denak, euskarazko solasaldiak edukitzeko prest. Zenbait udal ordezkarik parte hartu dute iniziatiban, baina euskara ikasleak eta horiekin hitz egitera hurbildutako Hondarribiko, Irungo, Hego Lapurdiko, Berako eta Lesakako herritarrak izan dira benetako protagonistak euskararekin batera.
Post-it Art iniziatiba
Euskararen Eguna ospatzen da abenduaren 3arekin urtero. Euskaraz eta euskararekin gozatzeko aukera eskaintzen du egunak, baita euskararen aldeko aldarrikapenak egiteko ere. Horixe izan da, Post-it Art iniziatibaren bidez egiten ari direna Txanaleta plazan. Edozeinek har dezake post-it bat hartuz eta euskararen aldeko mezu positiboa idatziz. Post-it guzti horiekin, mural bat osatzen saiatuko dira antolatzaileak.
Aipatutakoaz gain, Antxeta Irratiak mahai-ingurua egingo du gaurkoan; eta arratsaldean zehar ere, haurrei eta helduei zuzendutako zenbait jarduera antolatu dituzte.