%20 hazi da iazko ekitalditik erakusketari kopurua; aurten gainera, Elkartuz elkartasun gunea eta "kalitatezko gastronomia eskaintza" zabala nabarmendu dituzte antolatzaileek. Gabonetako azokarekin batera, V. Artisautza Azoka egingo dute lehenengo pabilioian.
Monica Alday Eguberrietako Azokaren zuzendaria lehen planoan
Abenduaren 6an larunbatarekin hasi eta abenduaren 8an astelehenean bukatuko da Ficobako Eguberrietako Azoka. Nondik norakoak azaldu dituzte gaur goizean Ander Sarratea Ficobako kudeatzaileak, Monica Alday Eguberrietako Azokaren zuzendariak eta Arantza Pascual Gabiltza elkartearen ordezkariak.
145 erakusketari bilduko ditu aurtengo Eguberrietako Azokak Ficoban, iaz baino %20 gehiago. “Euskadik gainera stand propioa izango du aurten Hazi erakundearen eskutik” azaldu du Aldayk. Hazik, Euskal Herriko 14 ekoizle elkartuko ditu eta horiek Eusko Labela duten produktuak erakusgai jarriko dituzte. Horrez gain, Espainiatik, Galiziatik… ere iritsiko dira erakusketariak Irunen.
Aurtengo “eskaintza gastronomiko zabala” nabarmendu nahi izan du azokaren zuzendariak halaber. Izan ere, Eusko Label produktuez gain, beste hainbat txokotako produktuak dastatzeko aukera izango da. Era berean, aurtengoan produktu ekologikoak ere izango direla aipatu du Aldayk.
2013ko Gabonetako Azokaren irudia
Guzti horrez gain, turismoak ere gune propioa izango du aurten hainbat erakunderi esker, hala nola: Basquetour, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo departamentua, Bidasoa Bizirik, Nafarroa Turismoa eta Bearn Pays Basque.
Horrez gain, umeentzako jarduerak ere antolatu dituzte gurasoak “lasai” ibili daitezen. Zentzu horretan, gazta eta mamia egiteko tailerrak, bideo jokoak, jokoak, txakur erakustaldiak, Bidasoako Erraldoiak eta beste hainbat jarduera aurreikusi dituzte antolatzaileek.
Gune solidarioa
Behe Bidasoko eta Gipuzkoako zenbait elkartek eta gobernuz kanpoko erakundek –GKE– osatuko dute aurten 3. urtez Elkartuz gunea. Bertan parte hartzen dutenen helburua euren informazioa, lan esparruak eta proiektuak ezagutzera ematea izango da. Halaber, Irungo haur batek pairatutako Shua izeneko gaixotasun arraroa ikertzeko iniziatiba garatuko dute bertan.
Hori horrela, Aurrera Atera, Bidazi, Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkartea, Dya Gipuzkoa, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Intermón Oxfam Donostia, Chernobilen Lagunak, Sahara Tadamun, Amnistía Internacional… bilduko dira bertan.
Artisautza Azoka
Gabiltza elkarteak antolatzen du Eguberrietako Azokarekin batera egiten den Artisautza Azoka. Arantza Pascual ordezkaria oso kontent agertu da 5. ekitaldi honekin”lehen aldiz pabilioi oso bat izango dugulako”. Hala, lehenengo pabilioira gerturatu beharko dira artisau produktuak eskuratzeko interesa duten lagunek.
Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik iritsitako 37 erakusketari bilduko ditu artisauen azokak. Egurra, zeramika, papera edota bidrioa baliatuta egindako produktuak egongo dira bertan. Horrekin batera, joko didaktikoak, erakustaldiak eta tailerrak ere egingo dituzte.
Azoken xehetasunak, ordutegiak eta egitarauak ezagutu nahi izanez gero
bertan sar daitezke interesatuak.