"Presoek eskubideak dituzte, gutako beste edozeinek dituen bezala"

Sare taldea aurkeztuko dute gaur Hondarribiko Kultur Etxean, 19:30ean. Zer den, helburuak zeintzuk diren eta lanean zertan ari diren azalduko dute. Ekitaldia prestatzeko lanetan harrapatu ditu HITZAk Jone Eizmendi eta Irati Amunarriz, eta ekitaldiaren nondik norakoak eta egitura berriaren helburuez mintzatu dira.

Amunarriz, eta Eizmendi

Amunarriz, eta Eizmendi

Presoen eskubideen alde lan egingo duen Sare egitura aurkeztuko dute gaur Hondarribiko Kultur Etxean, 19:30ean. Zer den, helburuak zeintzuk diren eta lanean zertan ari diren azalduko dute. Ekitaldia prestatzeko lanetan harrapatu ditu HITZAk Jone Eizmendi eta Irati Amunarriz, eta ekitaldiaren nondik norakoak eta egitura berriaren helburuez mintzatu dira. Zer da Sare. Zeintzuk dira helburuak? Presoen gisa eskubideen alde borrokatuko duen herritarren sarea da. Batetik, sakabanaketa politikaren amaitu nahi du, mendekuan oinarritutako neurri politikoa delako, eta garai berri honetan, neurri politiko berri batek sufrimendu guzti honekin amaitu behar duelako. Bestetik, presoen isolamendu eta bakartze egoerekin amaitzea eskatzen dugu, eta libre egon behar diren presoak askatzea, gaixotasun larriak dituztenak, 70 urtetik gorakoak eta zigorraren 3/4k eta 2/3ak beteta dituztenak. Eta azkenik, bizi osorako zigorra eta espetxealdi luzapena ahalbidetzen duten legeak indargabetzeko lan egingo dugu. Gatazka politikoaren egungo egoeran, alde bateko indarkeriarik gabe, zer egin dezake Sarek Hondarribian? Sarek ahalik eta jende anitzena bildu nahi du, jende desberdina, oso garbi utzita giza eskubideak direla eskatzen direnak, urratzen ari direnak. Giza eskubideak denonak dira, eta hori da dugun tresna onena jendea gureganatzeko, indarrak batzeko sarea ehuntzeko. Hori izango al da lehen helburua herrian, orain arte presoen eskubideen aldeko borrokan egon ez den jende berria batzea? Bai, jende desberdina, pentsamendu desberdinekoa, helburu berarekin elkartzea. Jende ezaguna eta ezaguna ez dena, denetarik. Poliki poliki biltzen hasi gara, kafe baten inguruan hamabostean behin, eta lan egin dugu banakoekin elkartzen. Momentuz hogei pertsona biltzea lortu dugu. Erantzuna nolakoa izan da? Ona. Kalabazak ere jaso izan ditugu, baina pozik gaude. Badakigu ez dela lan erraza, poliki egiteko lana dela. Gero talde motorrean zortzi pertsona gaude eta lanak banatzen saiatzen gara, batzuk kafe tertulia hauetan indarrak jartzen, beste batzuk beste zereginetan… Adibidez, abenduaren 13rako jardunaldi bat prestatzen ari gara. Soroetan jokoak egingo ditugu, Banakon kontzertuak, jende gazteari eta familiei begira ari gara antolatzen. Ostiralean da aurkezpena [elkarrizketa asteazkenean egin zen]. Zer aurkituko du Kultur Etxera hurbiltzen denak? Sare zer den ezagutarazteko, nazional mailako taldeak prestatu dituen bideoak proiektatuko ditugu. Gero, herriko kasuistika azalduko dugu, herriko bi presoen, Urko Labeagaren eta Tomas Elgorriagaren egoera zein den esango dugu. Alfonso Sastreren idazlan bat irakurriko da, eta Iñaki Lasagabasterrek ikuspuntu juridikoa emango du. Eta ondoren Teresa Toda eta Joseba Azkarraga izango dira, bertan. Egiten ari diren lana azalduko dute eta beraiei galderak egiteko aukera izango da. Labeaga eta Elgorriaga aipatu dituzu. Zer lan egingo du Sarek herriko bi presoen inguruan? Zehazten joango gara. Sareri dagokionez euren giza eskubideak errespetatzea eskatuko dugu beti, legea errespetatu dadila aldarrikatzen. Sarek orokorrean egiten du lan, baina herri bakoitzeko taldeak herri horretako presoengan jarri behar ditu indarrak. Liburu bat argitaratu du Sarek. Zein helbururekin? Dispertsioaren liburua da, dispertsioa zer den jendeak erraz ulertu dezan, zer den, zein ondorio dituen. 500.000 ale argitaratu dira, eta dispertsioa formatu desberdinetan azaltzen dute. Teknologi berrienak sartu dituzte bertan, QR Kodea eta abar. Eta sarean hizkuntza desberdinetan azalduko da. Ostiralean izango al da liburu hori eskuratzeko aukera? Ez dakigu ziur, horretan gabiltza. Bai izango dena da sarekideen fitxa. Sarekide egiten denak bere datuak ematen ditu, edozein momentuan laguntza eskatzeko sare bat osatuz. Bestetik, 5 euroko ekarpena eskatzen da, eta diru hori dispertsioaren liburuak izan dituen gastuak ordaintzeko erabiliko dugu. Aurkezpenera zein jende joatea nahiko zenukete? Askotan zaila egiten zaigu beste sentsibilitateko jendea erakartzea. Presoen gaiarekin askotan politika hitza azaltzen da, baina pertsonak dira, eskubideak dituzte gutako edozeinek bezala. Horregatik, pertsona guztiak gonbidatzen ditugu Kultur Etxera joateko, ezer exijitu gabe, etorri daitezela, ikusi dezatela, eta gero noski, ateak zabalik ditugu edozeinentzat. Gustatuko litzaiguke Kultur Etxea gainezko egotea. Ez bagara kabitzen, bideoz grabatuko dugu eta hurrengo batean ikusteko aukera izango da. Eta aurkezpenaz gain, gogorarazi nahi dugu hamabostean behin elkartzen garela kafe bat hartzeko, ostiraletan, Banako tabernan, arratsaldeko seietan. Abenduaren 5ean izango da hurrengo kafea.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.