
Erakusketaren zati bat, duela bi aste Irungo Kabigorrin egon zenean
Carmen Caballero argazkilariaren
Lekualdatutako Kolonbia (
Colombia desplazada) erakusketak abiatu du hilaren 24tik 29ra Hondarribiko Gazte Xaiak jasoko duen
Bakea eta Giza Justiziaren Inguruko Prozesuak goiburuko
jardunaldiak.
Pausu Mediak, Mundubat GKEk eta Antxeta Irratiak antolatu dute zikloa eta Kolonbiako errealitatea zein den erakusten saiatzeaz gain, Kolonbiako esperientzietatik argi izpiak ikusi nahi ditu: “Ikas daitekeenari eman nahi diogu garrantzia: generoa, lurraldea eta justizia. Horretarako, aldarrikaturikoa eta lorturikoa aipatuko dugu, beti ere erreparazioari begira. Berdintasuna eta eraldaketa sozialerako baldintzak ere haintzat hartu behar dira. Horretarako egokiena, giza eskubiden urraketa jasan duten herrien parte hartzea nolakoa izan den aztertzea, neurgailu egokia dela deritzogu”.
Kubako hiriburuan Kolonbiako gatazka armatuari irtenbide bat bilatzen ari zaionean, hainbat erakundek bat egin dute gatazkaren atzean ezkutatzen dena azalera ateratzeko. Asteazkenean Gazte Xaian proiektatuko duten
Kolonbia ikusezina dokumentalean azaltzen denez, “1980. hamarkadatik, bost milioi desplazatu zenbatzen dira, 100 000 desagertu baino gehiago, 3.000 sindikalista erahil, eta politikarekin zerikusia duten 10.000 hildako urtero”. Unai Aranzadik zuzendu du filma eta 19:00etan emango dute, Puntaleko eskolan.
Asteazkenean da proiekzioa, baina hilaren 29ra arte Caballeroren argazkiak ikus daitezke Gazte Xaian. “Erakusketaren helburua, Kolonbian bizi den eta ukatzen den gatazka armatua salatzea da. Herri mugimenduek, eten gabe defendatu behar dituzte giza eskubideak, une oro urratuak, eta kriminalizatuak izaten baitira. Itxaropenerako ate bat zabalik uzten du erakusketak, omenaldi bat eginez egunerokoan egoerari aurre egiteko lan egiten dutenei, erresistentzian borrokan jarraitzen dutenei”. Astelehenetik ostiralera bisitatu daiteke erakusketa, 18:30etatik 20:30era.