Pasaiako 60 merkatarik euskarak euren zerbitzuaren kalitatea handituko duela baieztatu dute
Euskararen erabilera areagotzeko, eta horrek ematen duen balio erantsiaz herritarrak ohartarazteko kanpaina abian jarriko dute herrian.
Pasaiako Udalaren eta Laurak Bat Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu elkarteak elkarlanean, eta Lotura Films enpresaren laguntza teknikoarekin, udalerriko 60 merkatarik euskararen normalizazioaren aldeko aurrera urratsa egin dute. Horiek uste dute euskaraz zerbitzua ematea, ematen duten zerbitzuari kalitate erantsia gehitzea dela, herritarren beharrei hobeto erantzungo dietela, alegia. Hortaz, horren berri emateko K kalitate ikurra izango dute euren atarietan; euskararen erabileran eragiteaz gain, tokiko establezimenduetan kontsumitzeko aukera ere bada Pasaiako merkatarientzat iniziatiba, kalitate kanpainaren leloak iragarri bezala: Ez gelditu atean, sartu kalitatean euskaraz. Amaia Agirregabiria alkateak nahiz Migel Mari Torrea Euskara arloko zinegotziak dendarian urratsari balioa eman zioten, eta alkateak esan zuenez,”Pasaiako establezimenduetan erosteko eta kontsumitzeko mezua, eta euskaraz erosteko eta kontsumitzeko mezua” da helarazi nahi dena.
Atzo aurkeztu zuten Donibaneko Ontziola jatetxean sentsibilizazio kanpaina, finean, marketin kanpaina dena: horren helburua da, Ramon Illarregi Laurak Bateko kideak esan zuenez, “zerbitzua euskaraz eskaintzeko merkatari asko gaudela erakustea”. Eta agerraldian adierazi zutenez, ez da bakarrik azaleko konpromisoa. Sakonekoa da.
Itxurari dagokionez, egitasmoarekin bat egin duten dendariek K eranskailua izango dute dendaren atarian, poltsek Lotura Films-ek egindako logoa eramango dute ere, eta taberna nahiz jatetxeen kasuan zapiek ere K handia daraman irudia izango dute. Baina sakoneko konpromisoa da euskararen aldeko urratsa ematearekin, horri herritarrek erantzun behar diotela. Bi aldeko konpromisoa da, hortaz. Eta lehen hitza euskaraz egiteaz gain, komertzioetara doazen haur eta gazteei, baita haiek lagunduz doazenei ere euskaraz egitea da dendarien xedea.
Eta sakoneko konpromiso horren barruan ere, euskara ikastaroak, komertzioa sustatzekoak, edo tutoretza arloak (irakaslea dendara joango da asteko lanak proposatzera eta adostera) landuko dituzte dendariek. Horietan izena emateko dei orokorra egin du Udaleko Euskara zebitzuak, eta 943 00 43 30ra deituz eman daiteke izena.
Kalitatea, eta bisita gidatuak
Lotura Films-eko Juanba Berasategi sanjuandarrek, kanpainarako egindako diseinuaren gaineko azalpenak eman zituen atzo. Merkataritzaren kalitatea, produktuen kalitateaz harago doala esan zuen. Tradizionalki tratuak egiteko hitzak zuela garrantzia esan zuen, adostasunera iristeko hitz egin behar zela, eta hortaz, hizkuntzarekiko jarrera ezinbestekoa zela. “Euskaraz egiteak kalitatea ematen dio hizlariari. Euskaraz egiten badigute, kalitatezko tratua ematen digute euskaldunoi. Plusa dauka dendak”. Horrela, dendek izango dituzten eranskailuak, bi erakoak izango dira, denek ala denek K erraldoia izateaz gain, K txiki bat edo bi izango dituztelarik: bi K izango dituzte zerbitzua euskaraz emateko konpromisoa hartu duten 60 dendariek; eta K bat izango dute horretarako bidean daudenek.
Eta egitasmoaren partaide diren establezimenduetara bisita gidatuak egingo dituzte, Ainhoa Mariezkurrenaren gidaritzapean. Zehatz, 35 establezimendu bisitatzeko aukera izango dute udalerriko ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleek. Orain hasi eta abenduaren erdialdera arte egingo dituzte horiek lehen txandan, eta urtarrilean abiatuko dituzte berriz ere.