Emilio Olabarria eta Andoni Ortuzar, Oiartzungo EAJren astean
EAJko bi politiko ezagunek hitzaldiak emango dituzte Manuel Lekuona Bibliotekan.
Oiartzungo Euzko Alderdiaren Astea egingo dute datozen egunotan udalerrian. Horren harira, hiru hitzaldi antolatu dituzte jeltzaleek, eta horietako bitan Emilio Olabarria eta Andoni Ortuzar izango dira.
Olabarriak hilaren 21ean (ostiralean), pentsio sistemaren etorkizunaren gaineko hizketaldia emango du Manuel Lekuona Bibliotekan 19:30ean hasita. Denentzako zabalik dago hitzordua. Ortuzarren txanda, berriz, hilaren 27an (osteguna da) iritsiko da, 19:30ean eta Manuel Lekuonan ere: Euskadi nazioa Europan izenburuko solasaldia garatuko du.
Bi politiko jeltzale ezagunen hitzaldien tartean, hilaren 25ean (asteartea), Oiartzungo Batzokian alderdiaren zinegotzi taldeak hainbat xehetasun emango dizkiete herritarrei, Oiartzungo udal politikaren oraina eta geroa izenburuarekin.
Zurekin Oiartzun aldizkariaren bigarren zenbakia
Bestalde, Oiartzungo EAJk jakinarazi du prest duela Zurekin Oiartzun aldizkariaren bigarren zenbakia. Bertan, alderdiaren astearen berri emateaz gain, Elizalde eta Ugaldetxoko hirigintza egitasmoen gaineko kezka, herritarren parte hartzeari buruzko artikulua, Xanisteban Jaien gaineko balorazioa, Oiartzungo Batzokiaren inguruko historia errepasoa, Batzokiak jasandako erasoak aipatu dituzte.