500 lagunentzako herri bazkaria antolatuko dute larunbaterako. Bazkalostean festa izango da, Bentan lehenik, eta kirol kai aldean gero.
300 pertsonek erosi dituzte dagoeneko San Miguel Ligako irabazleei omenez hilaren 22an egingo den herri bazkariko txartelak. Bihar da azken eguna erosteko eta honako lekuetan daude salgai: MAPFRE Aseguruak, Kai Alde Gozotegia, Arraun Elkartea, Izkiña taberna (Puntala), Lanbroa taberna (Amute), eta Irungo Sargia taberna.
Orotara 500 lagunentzako tokia dago, haien artean Ama Guadalupekoa traineruko arraunlariak eta arraun elkarteko ordezkariak. Txartelen prezioa 25 eurokoa da 18 urtetik gorakoentzat, eta 12 eurokoa adin hori ez dutenentzat.
Iaz egin zen aurreneko aldiz omenaldia Bentan, traineruak Kontxa irabazi zuelako. Aurten, bandera pila bat eta San Miguel Liga irabazi du arraun elkarteko ontzi nagusiak eta omenaldia egingo zaie berriro. Bazkalostean festa handia espero da, eta arratsean kirol kaian izango du segida, Basque tabernan eta Q Hondarribian (bazkariko txartelarekin ez da sarrerarik ordaindu beharko diskotekan)
Arraunlariei omenaldia
Ordutegia
- 11:00etan, San Miguel Ligako Koroa eskaintzea, Guadalupeko santutegian.
- 12:00etan, koroa Azeri Elkartearen aurrean jarriko da, San Pedro kalean, nahi dutenek argazkia egiteko. Arraun Elkarteak salda bat eskainiko die hurbiltzen direnei.
- 14:30ean, bazkaria Bentan.
- Ondoren, festa.