Munduko hainbat txokotan bezala, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko dute Irunen ere azaroaren 25ean; antolatutako jardueren berri eman dute gaurkoan Irungo Udalak eta zenbait elkartek. TASek bestalde, ostegunean emango du egun horretara begirako jardueren berri.
Udalaren eta zenbait elkarteren ordezkariak gaurko agerraldian
Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatuko dute mundu osoan zehar azaroaren 25ean. Hori dela eta, Irungo Udalaren eta zenbait emakume elkarteren ordezkariak bildu dira gaur eguerdian Zabaltza plazan eta egun horretara begira antolatutako jarduerak aurkeztu dituzte. Bertan bildu dira, besteak beste: Maite Cruzado Gizarte Ongizate delegatua; Uxoa elkarteko Mari Cruz Martin eta Luisa Arenaz; Argoiak elkarteko Pilar Arenaz; Gaurko Andreak-eko Irene Kastezubi eta Mari Angeles Aranda; eta Pauso-K Dance Studioko Aduna Mitxelena. Txingudi Antisexista (TAS) plataformak bestalde, ostegunean emango du azaroaren 25era begirako ekitaldien berri.
Agerraldian elkartutako ordezkari ezberdinak jakinarazi dutenez, aurten, emakumeek pairatutako indarkeriaz gain, senideen arteko harremanetan umeek sufritutako tratu txarrak azaleratu nahi dituzte. Hala Gaurko Andreak elkarteko Irene Kastezubik azaldutakoaren arabera, “Intermon Oxfam-en azken informea ezagutu ondoren, aurten beste buelta bat eman nahi izan diogu. Dokumentuak dioenez, emakumeen %70a indarkeria sexistaren edota indarkeria fisikoaren biktima izango da. Hari horretatik tiraka, indarkeria mota ororen gaineko jardunaldiak antolatzea erabaki genuen”. Ildo horretan, indarkeria “oso adin goiztiarrean hasten dela ikusi dugu, ume asko dago, batez ere neskak mutilak baino, familiaren barruan indarkeria pairatzen dutenak”.
Bestalde, Marokoko hesia saltatzen dutenen artean, emakumeak ere badirela nabarmendu nahi izan du Kastezubik. Horien egoera ikustarazteko eta eztabaida bultzatzeko jardunaldia ere antolatu dutela jakinarazi du.
Indarkeriaren aurka, dantza
Dantza eta musika ikuskizuna antolatu du aurten ere Pauso-K Dance Studiok, Skola Musik-ek eta Irungo Udalak elkarlanean azaroaren 25arekin bat eginez, Amaia KZn. Ildo horretan, Aduna Mitxelena dantza estudioko irakasleak horren berri eman du eta orain arte izandako arrakastarekin kontent agertu da. Eta ikuskizuna baino lehen,
Irun Beldur Barik 2014 lehiaketaren sari banaketa egingo dute.
Udalaren eta aipatutako elkarteek prestatutako jardunaldiak atxikitako dokumentuan ikus daitezke.
Azaroak 25