Arnasa baino gehiago hartu du Hondarribia Eskubaloiak
29-25 irabazi diote Ereintzari, Iñigo Gomezen hanahiru golekin. Datorren astean azkenaren etxean jokatuko du Hondarribiak eta beheko postuetatik urruntzeko aukera izango du.
Hondarribia Eskubaloia taldeak ligako bigarren garaipena lortu zuen igandean Ereintzaren kontra (29-25) eta postu bat igo da sailkapenean, Quiron Askartza atzean utzita. Lau punturekin, hamahirugarrenak dira hondarribiarrak, eta Oreretakoengandik bi puntura jarri dira; bi puntura dago Usurbil ere eta hirura Beti-Onak, multzoko eremu lasaian.
Hondarribiak lehen zatian eraiki zuen garaipenerako bidea. Partida oso parekatuta hasi zuten bi taldeek, eta oreretarrek markagailuan aurrean hartu zuten (5-6, 10. minutuan), baina Hondarribiak buelta eman zion eta sendoago iritsi zen lehen zatiko amaierara, lau goleko errentarekin (15-11).
Bigarren zatian etxeko taldeak ondo geldituy zuen Ereintzaren erasoa eta errenta zabaltzeko gai izan zen, (22-15, 45ean). Hortik aurrera, errenteriarrak saiatu ziren, eta hiru golera jarri ziren, baina Hondarribiak ondo eutsi zion aldeari eta ligako bigarren garaipena erdietsi zuen. Iñigo Gomez izan zen golegile onena, hamahiru golekin. Ereintzan, Aritz Otegik sartu zituen gol gehien, hamar.
Irabazteko beste aukera bat
Datorren asteburuan ligako lehen herena beteko da, eta ordurako talde bakoitzak argi edukiko du denboraldi hasierako helburuak mantendu edo aldatu beharko dituen. Hondarribiarren kasuan, multzo berrian estreinako urtea izanik, mailari eustea zen helburu nagusia, eta hala jarraitzen du izaten.
Hainbat jokalari min hartuta zeudela hasi dute berdeek liga eta horrek kalte egin zien hasieran —lehen lau partidak galdu zituzten—, baina pixkanaka-pixkanaka ari dira sasoia lortzen, eta horrekin batera, emaitzak iristen.
Datorren asteburuan Loiun (Bizkaia) jokatuko du Hondarribiak, Amazsa Urdanetaren kontra. Sailkapenean azken tokian dira bizkaitarrak, orain arteko bederatzi partidak galduta, eta bi puntuen bila joango dira Javi De la Hazaren mutilak. Lortuz gero, sei puntuko aldea irekiko litzateke bi taldeen artean, Hondarribiak zertxo bait gora egingo luke sailkapenean, eta Urdaneta putzuan erabat sartuta geratuko litzateke. Larunbatean izango da partida, 20:00etan, Urdaneta kiroldegian.