Ardoa eta jana uztarzeko XI. jardunaldiak antolatu dituzte
Azaroaren 13tik 28ra bitartean Hondarribiko XI. Uztartze Jardunaldiak antolatu ditu ostalaritza elkarteak. 35 urtetik beherako gazteei zuzendutako afaria eta urdaiazpikoa labainarekin mozten ikasteko ikastaroa ere antolatu dituzte.
- Azaroaren 13a: Urdaiazpikoa labainarekin mozten ikasteko ikastaroa izango da Enbata jatetxean 18:00etan abiatuta eta hiru ordu luzez. Urdaiazpikoa mozteaz gain, dastatu ere egingo dute parte hartzaileek. Muga upategiko ardoarekin uztartuko dute urdaiazpikoa. Ikastaroak 30 euroko kostua du. Interesatuak 943 641054 telefono zenbakira dei dezakete.
- Azaroaren 14a: Laia erretegiak Jon Ayalaren menua eta Tandem upategiko ardoa eskainiko ditu. Nafarroako jatorrizko izendapena duen ardoa da Tandem. 45 euroren truke maridaje afarian parte har dezakete interesatuek. 943 646309 telefono zenbakira deitu behar da horretarako.
- Azaroaren 15a: Errioxako Muga upategiko ardoa eta Enbatako David Carrera sukaldari nagusiaren jana dastatzeko aukera izango da. 40 euroko prezioa finkatu dute horretarako. Telefonoa: 943 641054.
- Azaroaren 20a: Alameda jatetxeko Gorka Txapartegiren txanda iritsiko da. Sukaldariak prestatutako jana Enate upategiko ardoarekin uztartzeko aukera eskura izango da. Somontanoko (Huesca, Aragoi) jatorrizko izendapena du Enatek. 55 euroko kostua du afariak eta 943 642789 zenbakira deitu behar dute interesatuek hitzordua finkatzeko.
- Azaroaren 22a: Miguel Soto Sebastian jatetxeko sukaldari nagusiaren txanda izango da. Une nuit parisienne izenpeko menua prestatu du Sotok hitzordurako eta Piper-Heidsieck xanpainarekin uztartuko du afaria. Denera, 55 euro izango dira. Interesatuak 943 640167 telefonora hots egin behar dute.
- Azaroaren 27a: Gazteak & Gastro izenpean, 35 urtetik beherako gazteei zuzendutako saioa antolatu dute. Alameda jatetxean finkatu dute hitzordua eta Enate upategiko ardoekin uztartzeko diseinatuko da menua. 35 euroren truke maridaje afaria dastatzeko aukera izango dute gazteek. Interesatuak 943 642789 telefonora deitu beharko dute.
- Azaroaren 28a: Abarka jatetxeak itxiko ditu aurtengo jardunaldiak.Errioxako Viña Pomal ardoarekin, Duero Erriberako Legaris ardoarekin, eta hainbat Codorniu cavekin (Gran Codorniu, Vintage 2011 eta Reina Mª Cristina Vintage) uztartuko da Natxo Garciak diseinatutako menua. Behin afaria bukatuta, kafearekin, Gin Voortrekker ginebrarekin eta Zafra Master 21 urteko erreserbarekin bukatuko da afaria. 45 euroan finkatu dute menuaren prezioa. Interesatuak 943 641991 zenbakira dei dezakete.