Oarsoaldeko Euskara Batzordearen ekimenez egin dute errezeta lehiaketa, barazki eta fruta dendetan euskararen presentzia eta erabilera indartzeko kanpainaren harira. Irabazleek 50na euroko bonoa jaso dute.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, barazki eta fruta dendetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko eraman duen kanpainaren barruan, Oarsoaldeko lau herrietan errezeta lehiaketa egin du. Bada horretan irabazle izan diren oiartzuarrak Ane Aiestaran, Unai Wolfram Rekalt eta Maria Jesus Gorostidi Agirre izan dira. Oiartzunen 11 fruta eta barazkiak saltzen dituzten 11 establezimenduk bat egin dute ekimenarekin, eta horietan 12 errezeta jaso dira. Oiartzunen Ttur.tturren eta udalaren arteko lankidetzari esker abian jarri dute lehiaketa hori.
Asteazkenean eman zituzten sariak Errenteria-Oreretako Euskaldarrak elkartean; bertakoek egin dute epaile lana, Alfontso Mindegia bazkidea buru zutela. Horrela, eskualdeko herri bakoitzeko hiru errezeta onenen berri emateaz gain (irabazle bakoitzak 50 euroko bonoa jaso du, errezeta utzi zuen tokian erosketak egiteko), errezeta horiek sukaldatzeko aukera izan zuten oiartzuarrek nahiz Pasaia, Lezo eta Errenteria-Oreretako irabazleek. Oiartzunen kasuan, udazkeneko barazki eta frutekin osatu behar ziren errezetak.
Sariak emateko ekitaldian, irabazleez gain, Oiartzungo, Errenteriako, Pasaiako eta Lezoko Euskara zinegotziak egon ziren, hurrenez hurren Irati Etxebeste, Irune Balentziaga, Migel Mari Torrea, eta Mikel Arruti.
Honakoak dira, zehatz, oiartzuarrek egindako errezeta, eta non utzi zuten hori.
- Ane Aiestaranek Masusta irabiakia errezetarekin irabazi du 50 euroko bonoa. Iturriozko Pottolp janari dendan entregatu zuen errezeta hori.
- Unai Wolfram Rekaltek Udazkeneko delizia errezetarekin irabazi du 50 euroko bonoa. Elizaldeko Elordi janari dendan entregatu zuen.
- Maria Jesus Gorostidik, bere aldetik, Kalabaza krema izeneko errezeta egin zuen eta 50 euroko bonoa irabazi du. Elizaldeko Belutenen entregatu zuen.