Aurreko urtetan baino sagardo eta pintxo gehiago eraman arren, bi ordutan dena agortu zuten. Lehen aldiz Gipuzkoa plazan egin dute errepresaliatuen aldeko sagardo eguna.
Gipuzkoa plaza, leporaino
Espero baino hobeto joan zitzaien larunbatean Hondarribiko IX. Txotx Eguneko antolatzaileei. Dena agortu zuten, sagardo guztia eta pintxoak; “primeran joan da dena”, adierazi dute. Zazpi sagardo ekoizlek parte hartu zuten, horietatik zortzik kupelak jarriz, eta bakarrak, Hondarribiko beko Errotak, botiletatik zerbitzatu zuen. Horregatik antolatzaileek txotx eguna izendatu zuten orain arte sagardo eguna izaten zena.
Eta beste berritasuna lekua izan da aurten, aurrenekoz Alde Zaharrean egin baitute Hondarribiko Txotx Eguna. Aurreko egunetan kexu ziren Santiago karrikan egiteko eskaera eginda zutelako eta ezezkoa jaso zutelako, berandu jaso ere, baina udalarekin Gipuzkoa Plazan egitea adostu zuten eta ondo joan zaiela onartu dute. “Agian hemen hobeto gaude, leku gehiago dugu, eta traba gutxiago”, esan zuten.
Hondarribiko Txotx Eguneko antolatzaileek eskerrak eman diete larunbatekoa prestatzen lagundu duten pertsona guztiei.