Errenta aitorpena euskaraz egin dutenen kopuruak gorantz egin du Oiartzunen
2013ko errenta aitorpena egitea egokitu zaie gipuzkoarrei azken asteetan. Horren harira, Oiartzungo Udalak zein Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak hori euskaraz egiteko deialdia egiten ari dira azken urteetan, eta eragina izaten ari da. Horrela, bukatu berri den kanpainan, 1.733 oiartzuarrek egin zuten aitorpena euskaraz, Oiartzunen aurkeztu diren guztien %32,61. Iaz, 1.720 aitorpen egin ziren euskaraz, eta 2011n, berriz, 1.681.
UEMAren barruko herrietan aitorpena euskaraz egiteko kanpainak egin dituzte. Horren barruan dauden Gipuzkoako herrietan orotara 19.756 errenta aitorpen egin dira euskaraz, hortaz, Oiartzunen herrialdeko UEMAren barruko udalerrietan egin diren euskarazko aitorpenen ia %10 egin dira.