Munduko Pilota Biltzarrak antolatutako Binakako Txapelketaren finala jokatuko dute gaur Jostaldi pilotalekuan. 20:00etan hasiko da jaialdia eta bigarren partida izango da Egiguren-Ibai Erkiaga eta Aritz-Erkiaga-Leo bikoteek jokatuko duten finala.
Munduko Pilota Biltzarrak antolatutako Binakako Txapelketaren finala jokatuko dute gaur, ostirala, Jostaldi pilotalekuan. 20:00etan hasiko da jaialdia eta bigarren partida izango da Egiguren-Ibai Erkiaga eta Aritz-Erkiaga-Leo bikoteek jokatuko duten finala. Lehen bikotea, txapelketa irabazteko hautagaietako zen hasieratik, baina Aritz Erkiaga eta Leo sasoitsu daude, txapelketa hasi aurretik apenas ezagutzen ziren baina dagoeneko oso ondo moldatzen dira kantxan.
Final handia espero da gaurko
Ariz Erkiagaren iritziz, aurkariak dira txapela lortzeko faborito, orain arteko lau partidak irabazi dituen bikote bakarra delako: “Txapelketa hasi aurretik beraiek eta Olha-Etcheto ziren faboritoak, eta erakusten ari dira zergatik. Egiguren aurrelari onenetakoa da eta Ibai oso sendoa da eta eskuinetik min handia egiten du”. Bere ustez, ondo sakatuz gero aukerak izango dituzte irabazteko: “Ondo ateratzen saiatuko naiz, ahalik eta aukera gutxien uzteko Mikeli”.
Egigurenentzat, baina, “oso partida zaila izango da, beste bikotea oso ona delako. Aritz ezagutzen dugu, zer nolako maila duen, eta Leo oso seguru dago atzean, fisikoki oso indartsu dago eta errebotearekin min handia egiten ari da”. Txapela janzteko ahalik eta hoberen jokatzea espero du Donostiako aurrelariak: “Ez dute hutsik egiten, ez dakit nondik jo dezakegun erasoa, ahalik eta hoberen jokatzea baizik ez zaigu geratzen”.
3. posturako lehia eta gastronomia
Finalaren aurretik 3. eta 4. postuak zehaztuko dituen partida jokatuko dute.Olha-Etcheto eta Arbe-Enbil izango dira aurrez aurre. Bi partiden artean gastronomia dastaketa izango da, sarreraren barne. Edateko, Hiruzta txakolina eta Mitarte upategietako ardoa banatuko dute eta, jateko, Sugarri jatetxeak prestaturiko marmitakoa eta La Gula del Norte babeslearen produktuak.
Sarrerak 12 euro balio ditu eta Jostaldin bertan eros daitezke, jaialdia hasi baino ordu erdi lehenagotik.