Maddi Errazti eta Iñigo Larrazabal. Hondarribiko Txotx Eguneko antolatzaileak
Antolatzaileak, Gipuzkoa plazan
Gipuzkoa plazan egingo dute bihar, larunbata, Olagarro Kultur Elkarteak errepresaliatu politikoen alde antolatzen duen Txotx Eguna, 18:00etatik aurrera. Lekua da berrikuntza nagusia, orain arteko zortzi ekitaldiak Portuan egin baitituzte, eta aurten Alde Zaharrera mugitu behar izan dute.
Bederatzi sagardo probatzeko aukera izango da, botilan bat eta txotxean beste denak. Horregatik, Txotx Eguna izango da orain arte sagardo eguna zena. Bertsolariak, trikitilariak, pintxoak, ez da girorik faltako.
Zein da Txotx Egunaren helburua?
Iñigo Larrazabal: Helburu bat baino gehiago ditu, baina garrantzitsuena da euskal preso, iheslari eta errepresaliatu politikoekin gogoratzea. Badakigu uda ez dela garairik onena horretarako, jende asko oporretan dagoela, edo kanpoan. Baina nahi dugu beraiekin gaudela jakin dezatela, gure artean nahi ditugula.
Errazti: Eta beste helburu bat da Hondarribian udan giro onean beste mota bateko ekitaldi bat antolatzea, herrikoia, bertakoa… Beste herrietan ere egiten da eta arrakasta handia du, eta hemen ere hasieratik parte hartze dezente izan du.
Larrazabal: Bai, bailarako jendea etortzen da, ez bakarrik Hondarribikoa, Hendaia, Irun, Oiartzungoa…
Orain arte Santiago kalean egiten zen, aurten lehen aldiz Gipuzkoa plaza. Zer dela eta aldaketa hori?
Larrazabal: Bultzatutako erabaki bat izan da. Maiatzaren erdialdean eskaera sartu genuen udaletxean, Sagardo Eguna Madalen karrikan egiteko; ekaina bukaera arte ez ziguten erantzun, eta egin zuten guk deitu genielako. Santiagon oholtza handia egongo zela esan ziguten eta egun horretan gauean haur batzuek abestu behar zutela. Berez, seietatik bederatzietara antolatzen dugu baina zerbait luzatu ohi da eta larri ibiliko ginateke jasotzeko.
Errazti: Gainera, oholtzak lekua jaten du eta iaz ja lekuz oso larri ibili ginen.
Larrazabal: Proposatu ziguten hemen [Gipuzkoa plazan] edo zaharren egoitza inguruan egitea, eta hemen aproposagoa ikusten genuen.
Errazti: Ideia ona dela iruditzen zitzaigun. Jendeak ohitura badu Sagardo Egunera etortzeko eta hona igoko direla pentsatzen dugu. Gainera, herri honetan dena San Pedro kale inguruan egiten denez, ondo ikusten genuen Alde Zaharrean giroa indartzea. Eta lekua oso ederra da Gipuzkoa plaza, egokia.
Larrazabal: Lehen urtea denez hemen egiten duguna, pankartekin bideratuko dugu jendea. Ondo adieraziko dugu.
Zer aurkituko du bihar Txotx Egunera gerturatzen denak?
Larrazabal: Lehen aldiz Irungo bertsolariekin emango zaio hasiera festari. Trikitilariak ere izango dira, giro ona. Seietan hasiko da eta etortzen denak nahi adina sagardo edateko eta pintxo bat jateko aukera izango du 5 euroren truke. Gero pintxo gehiago nahi baditu, euro batean salduko dira. Iaz bukatu zitzaizkigun eta aurten gehiago izango dira.
Errazti: Azken urteetan zabaldu dugu eskaera jendearen artean, ahal duenak etxean tortilla bat egin eta ekartzeko. Horrek lana errazten du eta animatzen denari hori esaten diogu, tortilla bat egiteko eta lauretatik aurrera hona ekartzeko. Eskertzen da.
Larrazabal: Antolatzaile taldean zazpi gaude, baina gero laguntzen, tortillak egiten, txotxarekin, jende asko, elkarteko jende askok laguntzen du.
Nongo sagardoak ekarriko dituzue?
Errazti: Bat Hondarribikoa, Beko Errota. Bakarra da gainera botilan ekarriko duena, beste guztiak upelan. Horregatik aurten lehen aldiz Txotx Eguna izango da. Sagardo egunetan normalean botiletan zerbitzatzen da eta hemen upelatik egingo da, Beko Errotako sagordoarekin salbu.
Larrazabal: Gainontzekoak Irungo Ola, Hernaniko Lizeaga, Astigarragako Oialume Zar, Petritegi eta Gartziategi, eta Adunako Zabala dira. Azken hauek lehen aldiz etorriko dira; Oialume Zarrekoak iaz esan zigun haiekin hitz egiteko eta animatu dira.