Jaizkibel konpainiari hausnartzeko eskatu zion atzo Hondarribiko Udalak osoko bilkuran, EH Bilduren mozio bati erantzunez udal gobernuak aurkeztutako beste bat EAJren, PPren eta Hamaikabaten botoekin onartuta
Jaizkibel konpainiari hausnartzeko eskatu zion atzo Hondarribiko Udalak osoko bilkuran, EH Bilduren mozio bati erantzunez udal gobernuak aurkeztutako beste bat EAJren, PPren eta Hamaikabaten botoekin onartuta; Bilduk kontra bozkatu zuen eta PSE-EE abstenitu egin zen, jeltzaleen oso antzekoa zen beste mozio bat aurkeztu bazuten ere. Sozialisten testuaren alde eurek eta Hamaikabatek bozkatu zuten, PP abstenitu zen eta jeltzaleek eta Bilduk kontra egin zuten. Eztabaidaren oinarria izan zen Bilduren mozioak boto propioak baino ez zituen jaso, eta PSEren abstentzioa. Gainontzeko hiru alderdiek kontra egin zuten.
Laburbilduz, hau dio udalak gehiengo zabalez onartutako lau puntuko mozioak:
- Udalak “erabateko adostasuna” adierazi nahi dio Alardeari, herriko “kultur inmaterialaren adierazpen nagusia delako”.
- Alardearen “egungo antolaketak gizarte zilegitasuna” du, “urtez urte desfilatu eta alardea bizitzen duten hondarribiar gehienek emana”.
- Antolaketa hori aldatzeko eskatzea zilegi da, “baina hondarribiar gehienen nahia errespetatuz” egin behar da. Gainera, Jaizkibel Konpainiari “bere estrategiak 17 urtez izan dituen ondorioez hausnartzea” ere eskatzen dio mozioko hirugarren puntuak, eta “irteera ordutegia aldatzeko” eskatzen diote, Alardearen ondoren desfilatzeko, “haien eskaeraren alde dauden hondarribiarrekin kaleak betetzeko”.
- Udalak beti lagunduko du “ondare inmaterialaren adierazpide goren hau berriz ere herritarrak elkartzeko tresna izan dadin, aniztasunak aintzat hartuz, eta bestelako jokaera iritzien gainetik”.
Bi puntuko mozioa aurkeztu zuen Bilduren Udal Taldeak atzoko plenorako. Gainontzeko alderdiei hala banatu zien eta komunikabideetara asteazkenean ere bi puntuko mozioa bidali zuen. Atzoko plenoaren hasieran, bigarren puntua erretiratzeko eskatu zuten. Ordurako, baina, EAJk eta PSE-EEk aurkeztuta zituzten haien erantzunak, eta PPk eta Hamaikabatek ere, moziorik aurkeztu ez duten arren, bigarren puntu horri helduz abiatu zituzten haien diskurtsoak.
Bilduren bigarren puntu horrek Jaizkibel konpainiari egiten zion erreferentzia, “Alarde pribatu bati, udal horrek modu ofizial batean, harrera egiten dion bezala, Jaizkibel Konpainiari ere egitea”, eskatzen baitzuen. Baina esan bezala, hori erretiratzea erabaki zuen koalizioak plenoaren hasierarako, eta lehen puntua soilik irakurri zuen Olatz Ugalde zinegotziak.
Lehen puntu horretan, “hilaren 8an Kale Nagusitik Jaizkibel Konpainia pasatzerakoan inolako plastiko beltz, aterki, kareta iraingarri edota irainik ez dadila egon eskatzeko” galdegiten zitzaion plenoari. Ugaldek azaldu bezala, “ahalik eta jende gehien batzeko” asmoarekin kendu zuten bigarren puntua moziotik, baina ez zuten helburua bete. Batetik, sozialisten abstentzioa baino ez zutelako lortu. Bestetik, ordezkaritza duten gainontzeko alderdi guztiek haien kontra oldartu zirelako, eta azkenik, eztabaidaren ostean udalak Jaizkibel konpainiaren kontrako testu bat onartu zuelako.
Denak Bilduren kontra
Ion Elizalde Hamaikabateko ordezkaria zuzendu zitzaien Bildukoei esanez “beste foro batean eztabaidatzeko gaia” dela, alardearen gaia osoko bilkurara eramatea “aldeak hurbiltzeko modurik okerrena” dela. Gaineratu zuen komunikabideen eta publikoaren aurrean —Alarde parekidearen kontrako hogeitik gora lagun elkartu ziren pleno aretoan—, entzungo ziren “iritziak ez zirela norberarenak, ezta norberaren alderdiarenak izango, boto emaileek entzun nahiko luketenak baizik”. Eztabaida “zirkua” bilakatzeko arriskuaz ohartarazi zuen Elizaldek, eta gai beraren aurrean azken momentuan hiru mozio desberdin aurkeztu izana jarri zuen adibide bezala, “bakarrik falta zen Otxotekok [PPko ordezkaria] eta nik ere bakoitzak gurea aurkeztea”.
Alderdi guztiak oso kritiko azaldu ziren Bildukoekin eta erabateko aldekotasuna adierazi zioten Alardeari eta haien arduradunei, eta Jaizkibel konpainiari eta Bilduri egotzi zioten Kale Nagusian gertatzen diren istiluen ardura. Jose Miguel Otxoteko popularra berotu zen eta “kareten eta pankarten guztiz aldekoa” dela onartu zuen, eta “manifestazio armatuari”, hala izendatu baitzuen konpainia parekidea, “beranduago ateratzeko” eskatu zion. Epaitegien erabakiak onartu behar direla esanez bukatu zuen ordezkari popularrak, “guk Estrasburgoko kontrako erabaki batzuk onartu behar ditugun bezala”.
Aitor Kerejeta alkatea luze eta zabal mintzatu zen mozioaren gainean, eta Bildukoekin haserre azaldu zen, alardearen gaia osoko bilkurara eramategatik: “Oso zaila egiten zaigu gai hau publikoki lantzea”, azaldu zuen. Bere esanetan, “udala saiatu da giroa ez berotzen” eta atzokoa kontrakoa lortzeko balioko zuela iritzi zuen. “Publikoan eta pribatuan esan dugu plastiko beltzak ez zaizkigula gustatzen, baina Jaizkibel konpainia alardearen aurretik desfilatzea ere ez”, gehitu zuen Kerejetak.