Tradizioari jarraituz, Santio Egunarekin batera Kutxa Eguna ospatzen dute Hondarribian. Horren arabera, aurtengo arrantza sasoia nolakoa izango den dio errituak. Hala, geroz eta bira gehiago, geroz eta oparoagoa behar du izan arrantzak.
[ilust.: isabel mancebo balda]
Uztailaren 25arekin batera ospatzen da Euskal Herrian Santio Eguna. Zenbait lekutan garrantzia berezia eskuratzen duen data da; Hondarribian adibidez. Izan ere, aurten berriz ere, arrantzaldi oparoa izateko helburuarekin Kutxa Entrega egingo dute hondarribiarrek. Kutxa buruan jarrita, beste urte batez, ahalik eta buelta gehien ematen saiatuko da horretarako aukeratutako Done Pedro Itsasgizonen Kofradiako arrantzaleetako baten alaba.
Ohitura zaharrak aurten beste behin berritzeko asmoz, Intza Emazabel gaztea aukeratu du kofradiako Abade Nagusiak. “Oso kontent” agertu da hondarribiarra egun batetik bestera erabakitako izendapenarekin. “Txikitatik bizi izan dudan gauza bat da”, azaldu du Emazabalek. Izan ere, familia arrantzalez beteta du gazteak, eta bere hurbileko familiako emakumeek kutxa eraman ez duten arren, bere aitaren lehengusinek entrega egin izan dutela onartu du.
Horiek horrela, ahalik eta bira gehien emateko prest agertu da Emazabel, eta iaz Izaro Alzak erregistratutako bigarren markarik onena lortu izanari garrantziarik ematen ez diola onartu du. “Niretzako hori ez da oso garrantzitsua”, esan du hondarribiarrak, baina edozein modutara, ahal duena egingo duela ziurtatu du. Zentzu horretan, mareatzen ez dela argitu du kutxa eramaileak, eta zaila dela esaten duten arren, gaztearen aburuz, “azkenean, erraza da”.
18 kilo buru gainean
Itsasgizonek osatutako delegazioa Arrantzaleen Hermandadeko arkutik Jasokunde eta Sagarrondoko Andra Mariaren parrokiarantz abiatuko da Santio Eguneko 18:00etan. Kofradiako kargudunek, Abade Nagusia barne, eta ontzietako patroiek kutxa eramailea haraino lagunduko dute, hiriko bandak Okendo martxa jotzen duen bitartean. Arraunlariek ere parte hartzen dute ekitaldian. Kutxa eramaileak soinekoa eta zetazko xala janzten ditu, eta burua eta kutxa artean, toalla bat oinarri bezala jartzen dutela azaldu du Emazabalek.
Behin elizako sakristian, 18 kiloko kutxa buru gainetik kentzen du gazte eramaileak, eta iragan arrantzaldiko emaitzak publikoki irakurtzen dituzte kofradiako arduradunek. Lau urtetik behin, gainera, zuzendaritza batzordeko kide berriak izendatzen dira zeremonian. Emazabalek azaldutakoaren arabera, 18 kilo horietatik 11 kutxaren berezko pisuari dagozkio. Beste 7 kiloak, kofradiaren urteko kontuek osatzen dituzte. “Kaliza bat ere dagoela uste dut, baina ez dakit seguru”, gaineratu du gazteak.
Alde Zaharreko parrokiatik bueltan, Hermandadearen parean gelditzen dira kofradiako arduradunak, hiriko banda, arraunlariak eta kutxa eramailea. Bertan, arraunlariek arku bat osatzen dute arraunekin, eta horien azpian, kutxa buru gainean jarrita, eta zetazko xal txurria soinean daramala, ahalik eta bira gehien ematen saiatzen da aukeratutako gaztea.
Ildo horretatik, buelta kopuruak garrantzia berezia bereganatzen du. Izan ere, horrek erabakiko du aurtengo arrantzaldia nolakoa izango den. Tradizioak tradizio, erritu «polita» dela iritzi dio Emazabalek, “egia baldin bada behintzat”.
Historikoki, zaharrenetarikoa
Santio Eguneko Kutxa Entregaren hasierako daten inguruko informaziorik ez dagoen arren, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiako sorrera datuak munduko erakundeen artean zaharrenetakoak dira. Izan ere, 1361. urtean lortu zuen arrantzaleen erakundeak garaiko agintarien onespena. Eratze prozesuaren aurretik ere arrantzak oso eginkizun garrantzitsua betetzen zuen herriko garaiko ekonomian.
Zentzu horretan, Parisko Agiritegi Nazionalak Hondarribiko zigilua duen 1335eko txanpon bat gordetzen du bere eraikinean. Bertan, arrantzaleak bale bat ehizatzen irudikatu zituzten, arpoiak esku artean zituztela. Izan ere, balearen ehizak berebiziko garrantzia eduki zuen euskal kostaldeko herrietan mendeetan zehar. Balearen ehizaren gaineko lehen datuak 1200. urtean erregistratu zituzten, Gaztelako Alfontso VIII.aren erregealdian.