Udal Lege berria aztertzeko denbora gehiago eskatu du Oiartzunek
Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Udal Legea aztertzeko denbora gehiago eskatu du udal gobernu taldeak. Indarrean dagoen legeak 35 urte ditu, eta gobernu taldearen arabera, “udalei 20 eguneko epea utzi zaie alegazioak aurkezteko. Ez gaude legearen kontra, baina denbora tarte hori eskasa iruditzen zaigu. Zuzenean eragiten gaituenez, ongi aztertzeko denbora merezi du”. Horrela, atzoko udalbatzarrean gogoeta denbora tarte horren aldeko hautua egin zuen EH Bilduk gaiaz botoa eman aurretik, EAJ eta Hamaikabaten kontrako botoarekin.
Hori izan zen atzoko udalbatzarreko gai nagusietako bat. Beste bat Donostialdeko Lurraldeko Zatikako Plana (LZP) izan zen. Udalak duela bost urte horri aurkeztu zizkion alegazioak aztertzen hasi dira, baina gobernu taldeak uste du bost urtetik hona gauzak aldatu egin direla, eta horren arabera LZP hori aldatu behar dela, “filosofia berriarekin eta ekarpen zehatzekin”. Hortaz, EH Bilduren aldeko botoekin, Donostialdeko LZPren aldaketa gogoa agertu zuen udalak, beste bi alderdi politikoen abstentzioarekin.
Eta hirugarren gain nagusia San Markoko Mankomunitatearekin zuen harremana, horren aurrekontuei dagokiona. Atzoko bozketaren arabera (EH Bilduren aldeko botoak), 2014ko aurrekontuei administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea onartu zen, aurretik aurrekontu joriei udalak aurkeztutako erreklamazio eta berritze errekurtsoak tramitera onartu ez dituelako bertako presidente Denis Itxasok. Oihan Tello jarduneko alkateak plenoan esan zuen kontraesanez beteta daudela “orain arte eman dizkiguten erantzun, txosten juridiko eta kontu hartzailetzako agiriak”.
Bestalde, Pasai Donibaneko zentral termikorako baliagarri ziren bi linea herritik kentzeko proposamena onartu zuten aho batez zinegotzi guztiek. 2012tik ez du jarduerarik zentral horrek, desmuntatzen ari dira.