San Juan Harria plazan eraikitako obaloaren azpian kokatuta egongo da Carlos Blanco Aginaga liburutegi berria. 3.208,34 metro koadroko azalera izango du lurrazpiko eraikinak, baina lehen fasea bukatuta, beste 2.000 metro koadroko azaleran jardungo dute beharginek Irungo azpiegitura kulturala osatzeko asmoz. Lanen lehen fasea orain arteko erritmoan garatuz gero, liburutegia datorren urteko maiatzean prest egotea aurreikusi dute.
Carlos Blanco de Aginaga liburutegiaren lehen fasea
San Juan Harria plazan eraikitako obaloaren azpian kokatuta egongo da Carlos Blanco Aginaga liburutegi berria. 3.208,34 metro koadroko azalera izango du lurrazpiko eraikinak, baina lehen fasea bukatuta, beste 2.000 metro koadroko azaleran jardungo dute beharginek Irungo azpiegitura kulturala osatzeko asmoz. Lanen lehen fasea orain arteko erritmoan garatuz gero, liburutegia datorren urteko maiatzean prest egotea aurreikusi dute Irungo Udaletik. Horren ondotik, Ikust Alaia liburutegian dagoen guztia eremu berrira lekualdatzea besterik ez da faltako.
Lanak bukatzerako, obaloaren alde bakoitza lotzen duen pasabide bat eraikiko dutela azaldu du Jose Antonio Santano alkateak. Era horretan, igogailuaren zuzeneko sarbideaz gain, pasabide hori ere erabili ahal izango dute interesatuek.
Carlos Blanco Aginaga liburutegiaren planoak
Zerbitzu anitz
Carlos Blanco Aginaga eraikinak helduentzako liburutegia bere baitan hartzeaz gain, 100 lagunentzako ikasgelak, lantaldeentzako eremuak, kontsultarako eta irakurketarako lekuak, umeen liburutegia, 6 urte arteko txokoa, gazte informazio bulegoa… bateratuko ditu.
Horiek horrela, Ikust Alaia liburutegia museo bihurtzea nahiko luketela argitu du Jose Antonio Santano alkateak. Luis Mariano, pintura ondarea, hiriko historia… bertan biltzea da hasierako xedea.
2.369.184,70 euroko aurrekontua du lanen lehen faseak eta 15 hilabeteko epea hori egikaritzeko.