Gaztefolk Bidasoaldeko XVIII. Nazioarteko Gazte Folklore Jaialdia aurkeztu dute gaur goizean Eraiki Dantza Taldeko Oscar Lucas presidenteak, Amaia Ausan eta Koldo Ribera kideek, eta Fernando San Martin Gazteria delegatuak. Aurten, bidean izandako zailtasunen gainetik hiru talde gonbidatu ditu Eraikik, eta Irun eta Hondarribiaz gain, Zumaian, Donostian eta Beran eskainiko dituzte emanaldiak, bihartik hilaren 29ra bitartean.
XVIII. Gaztefolk jaialdiaren aurkezpena
Gaztefolk Bidasoaldeko XVIII. Nazioarteko Gazte Folklore Jaialdia aurkeztu dute gaur goizean Eraiki Dantza Taldeko Oscar Lucas presidenteak, Amaia Ausan eta Koldo Ribera kideek, eta Fernando San Martin Gazteria delegatuak. Aurten, bidean izandako zailtasunen gainetik hiru talde gonbidatu ditu Eraikik, eta Irun eta Hondarribiaz gain, Zumaian, Donostian eta Beran eskainiko dituzte emanaldiak, bihartik hilaren 29ra bitartean.
Eraikiko presidente Lucasek “jaialdiaren ziklo berri baten hasieran gaudela” adierazi du agerraldian. Izan ere, jaialdia “gaurkotzea” ezinbestekoa izan dela iritzi dio antolatzaileak eta zentzu horretan “gauza batzuetan hobetu eta beste batzuetan zailtasunak sortu direla” onartu du.
Bestalde, parte hartze prozesu baten ondoren, jaialdiaren izena aldatzea edota laburbiltzea erabaki dutela ere kontatu du presidenteak. Azkenean Gaztefolk izena hautatu dutela azaldu du eta horrela, “etorkizunean dantza baino zerbait gehiago sartu nahi izanez gero, atea zabalik uzten dugu”.
Iragan ekitaldi batean Txinatik gonbidatutako taldea
Horiek horrela, Moldavia, Errusia eta Espainia izango dira aurtengo talde gonbidatuak. Riberak azaldutakoaren arabera, bi helburu betetzen saiatzen da jaialdia: “Geroz eta talde kopuru gehiago ekartzea eta zenbat eta herrialde ezberdinagoak, interesgarriagoak, eta ezezagunagoak ekartzea”. Horrek “aberastasuna” ematen dio jaialdiari antolatzaileen aburuz.
Zailtasunak
Aurtengo jaialdiaren antolaketan “zailtasunak” pairatu dituztela onartu du Riberak: “Aurtengoa erraza izan behar zuen, maiatza erdialderako talde guztiak lotuak genituelako”. Nigeria eta Hondurasko bi talderen parte hartzea hitzartu zutela hasieran azaldu du Eraikiko kideak. Hala ere, “ekaina erdialdean Nigeriako taldeak bisekin arazoak zituztela esan ziguten eta uztaila hasieran, taldearekin kontaktua erabat galduta zegoen”. Hondurasko taldeak ere “musikarientzako bisak ezin zituzten lortu, bai ordea umeenak”.
Horren ondotik, beste saiakera bat egin zuten Eraikiko kideek Errumaniako eta Serbiako talde banarekin. Hala ere, Serbiakoak “baliabide ekonomikoak medio” ezin izan dutela bidaia egin argitu du Riberak eta Errumaniako kasuan, “hasieran baiezkoa eman arren, azkenean ezezkoa helarazi ziguten”.
Azkenean Gaztefolken parte hartuko duten taldeak dira: Errusiako Chelyabinsk hiriko Yeralash dantza taldea, Moldaviako Flori de Tei dantza eta musika taldea, eta Fregenal de la Sierra herriko (Badajoz, Espainia) Los Jateros folklore taldea.
Egitarau osoa
bertan kontsulta daiteke.