Orotara, San Pedro kalearen bilakaera erakusten duten 380 irudi zahar ikus daitezke Itsas Etxean nahiz San Pedro kaleko zuhaitzen ondoan.
Egunero bisitatu daiteke erakusketa
800 lagun inguruk bisitatu dute dagoeneko Itsas Etxea eraikineko atzeko aldean jarri duten
San Pedro kalea. 1885-1985. Iraganeko irudiak erakusketa. Edo hobe esanda, erakusketaren zatia, izan ere, San Pedro kalean bertan jarraipena du bildumak, kale berrituaren zuhaitzetan ere jarri baitituzte kaleko argazki zaharrak. Orotara, San Pedro kalearen bilakaera erakusten duten 380 irudi zahar ikus daitezke ostiraletik Itsas Etxean zein kalean bertan.
Arma Plaza Fundazioak antolatu du baina hainbat herritar aritu dira boluntario bezala argazkiak bildu eta aukeratzen. Javier Sagarzazu, Mikel Jauregi, Jose Mari Lopez eta Floren Portu dira lan gehiena egin dutena eta horietatik hiru ostiralean egin zen aurkezpenean izan ziren, Sagarzazu, Jauregi eta Portu, fundazioko presidente den Aitor Kerejeta alkatearekin batera.
Alkateak San Pedro kaleari buruzko erakusketa bat egitearen beharra azaldu zuen eta zaharberritze lanak horretarako aukera eman dutela: “Hain berezia den San Pedro kaleko obrak hasi aurretik erakusketa historiko bat egiteko ideia buruan genuen. Kale honen eguneroko bizitza historikoa, merkatal denda eta ostatuen bilakaera nolakoa izan den islatzeko. Herriko boluntario talde batek egin duen lana goraipatu nahiko nuke, hainbat ordu eman dituzte eta gaur ikusten dugu erakusketa eder hau egitate izan dadin”.
Alkatea, hiru boluntarioekin
Horietako bat da Sagarzazu margolaria eta erakusketa antolatzen gozatu duela onartu zuen aurkezpenean: “Oso esperientzia ederra izan da, emozionantea”. Azaldu zuenez, herritarren parte hartzea oso handia izan da. “Aipatzeko modukoa da hiritarren partehartze nabaria izan dugula kaleko argazkiak lagatuz. 1885etik 1985 arte 380 argazki lortu dira. Horietatik 130 erakusten dira, Itsas Etxea Auditoriumean eta San Pedro kaleko zuhaitzetan. Argazki guztiak erakutsi ezin zirenez, Auditoriumeko erakusketa gunean telebista batean argazki guztiak erakusten joango dira”, gaineratu du. Orotara 56 lagunek utzi dituzte argazkiak erakusketarako.
Itsas Etxekoa bisitatu nahi duenak abuztuaren 24ra arte izango du aukera egunero: astelehenetik ostiralera 18.00etatik 21:00etara, eta larunbata, igande eta jaiegunetan 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 21.00etara. Larunbatetan bisita gidatuak egingo dituzte, 19:00etatik aurrera, eta bertan kalearen eboluzioa azalduko dute erakusketako argazkiak oinarritzat hartuta. Kaleko zatiaz gozatu nahi duenak, aldiz, ez du ordutegi mugarik.