Paez eta Altuna, El Espazion
Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko presidenteak eta Juan Mari Altuna presidenteordeak Bidasoaldeko garapen agentziaren 2013ko memoria aurkeztu dute gaur goizean, El Espazion egindako agerraldian. Altunaren arabera, “hitz bat erabili beharko banu, bultzatu hitza izango litzateke, zeren saiatzen gara enpresen lehiakortasuna bultzatzen, enplegua bultzatzen, ekintzailetza bultzatzen eta turismoa bultzatzen. Azkenean lau ildo hauek dira jorratutakoak 2013. urtean zehar”.
Zentzu horretan, pozik agertu dira bi arduradunak 2013. urtean Bidasoa Bizirik garapen agentziak egindako lanarekin. “Helburu nagusia garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzea da”, adierazi du presidenteordeak. Paezek azaldutakoaren arabera, agentziak “enplegurako politika aktiboak aurrera eramateko eskumenik” ez duen arren, ahalik eta ekarpen zabalena egiten saiatzen da. Ildo horretan, ekintzailetzarako aholkularitza zerbitzua eta laguntza ekonomikoak, enpresen diagnosia, Bidasoa ibaiaren bi aldeetako enpresen arteko elkarlana… bultzatu ditu Bidasoa Bizirik-ek.
Horiek horrela, “Bidasoa Bizirik-en begiak etorkizunera begira jarrita daudela” nabarmendu nahi izan du Altunak. “Beharrak aztertzen ditugu, datuak kudeatu eta aipatutako ildoari jarraiki, kontuan edukiz egungo egoera honetan zenbait jende langabezian dagoela eta nahiz eta gure eskumena ez izan, bailaran hobekuntzak egiten eta jende horrek baldintza duinetan oinarritutako lana aurkitzen saiatu behar gara”, bukatu du presidenteordeak.