Kieto eta parau
Etsipen moduko batez datorkit estreinatu berria dudan oporraldia. Gehiago espero nuen joan den udatik hona. Denboraren erritmoaren subjektibotasunaz harago, urtea geldoa izan da; etsipen eragilea. Espainiako eta Frantziako gobernuek bizkarra emana diote, modu koordinatu eta kalkulatuan, euskal auzia konpontzeari.
Birrintzailea izan da estatuko hainbat egunkaritan «Interior intensifica el alejamiento de presos mil días después del cese de ETA» titularra irakurtzea. Urte hasieratik hona hamabost preso mugitu dituzte Espainian espetxe batetik bestera. Hamar urrunago eraman dituzte. Beste bostak Euskal Herritik antzeko distantziara utzi dituzte. Egia esan, gehiago espero zitekeen ETAk indarkeria utzita zuela iragarri eta mila egunera, 33 hilabetera; gutxienez, sakabanaketaren basakeria konpotzeari dagokionez.
Mariano Rajoyren gobernuak, hozten baino, usteltzen utzi nahi du euskal auziari dagokion bake prozesua. Espainiara begira jokatzen ari da, orain ere gurearekin jolasten eta etekina ateratzen. Blokeoaren eta mendekuaren bandera astintzen ari da, paraje haietan txalo errazak irabazteko. Bitartean, astero-astero, kilometro andana egin behar izaten dute presoen ehunka senide eta lagunek Espainiako espetxeetara bisitak egiteko.
Mariano Rajoyk argi eta garbi utzi du euskal auzia konpontzea ez zaiola batere interesatzen, ez soilik alderditik eta biktimen aldetik izan ditzakeen presioengatik. Bera ere kontra dago. Orain arte ez du keinu bat bera ere egin, nazioartetik konponbiderako urratsak eskatu bazaizkio ere.
Sakabanaketaren eta euskal presoen gaiaren ingurumaria honetan adierazpen deigarriak egin dituzte azken egunotan Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak eta EAJko buruzagiek, presoek eskatu zitzaizkien banan-banako eskaerak eginda eta ukatuak dituztela jakina den honetan. Honakoa izan da mezua: presoek ez dute nahikoa egiten espetxea saihesteko; eta mugimendu gehiago egiten ez badute, zaila izango da Espainiako Gobernuak presioa sumatzea. Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, gainera, izena jarri dio irtenbideari: «Langraitz bidea». EPPK kolektiboan dauden presoek ere Langraitz bidera bildu beharko luketela iradoki du Ortuzar jeltzaleak. Izan ere, bergizarteratzeko hautu hori egin duten presoen izenak gero eta gehiago aipatzen ari dira komunikabideetan, izatekotan, kaleratzeko aukera emango duen bide bakarra, azken hilabeteetan itxita egon den horixe izango dela ulertaraziz.
Nolanahi ere, presoen kaleratzeak baino kudeaketa errazagoa duenak, sakabanaketak, erantzun irmoagoa beharko luke. Garaiotan areago. Gobernuek, alderdiek, gizarte eragileek, iritzi emaileek, kazetariek, Elizak… indartu egin beharko lukete zuzenbide eta giza legeak apurtzen dituen politika hori. Isiltasunak bermatu egiten du status quoa. Alde horretatik ez gara neurria ematen ari, nire uste apalean, bake prozesua bideratu eta gauzatzeko langintzan egiten ari ez garen bezalaxe.
Sakabanaketari lotuta, bada beste datu, eta aldi berean, beste irakurketa bat. Frantziako Gobernuak bi euskal preso Ipar Euskal Herritik gertuen dagoen Mont de Marsaneko espetxera hurbildu izana da datua; ezinbestean, Espainian, lau haizetara, «Interior intensifica el alejamiento de presos mil días después del cese de ETA» titularrarekin lotu litekeena. Frantziak urruntze politika apurtu izanak —hala bada— irauli egin lezake aspaldiko urteetako espetxe politika zurruna, eta beste zerbait ere adieraziko luke blokeatuta eta ez atzera ez aurrera dirudien prozesuarekiko. Modu hipotetikoan, norbaiten eskua eta bitartekaritza egon litezke hurbiltze epel horren atzean. Eta hipotesi horretatik tiraka, jo dezagun, «Interior intensifica el alejamiento de presos mil días después del cese de ETA» titularra slogan modura diktatu diela Barne ministerioak berak albiste emaile lagunei.
Ez gabiltza oker hipotesian. Sakabanaketaren irmotasuna paperera eta sarera ekarri duten egunkari eta agerkari digitalek hitzez hitz dakarte albistea modu berean: «Mariano Rajoyren gobernuak ez du, ezta gutxiago ere, Frantziako Gobernuaren bidetik joko presoak hurbiltzeko aukera aztertzerakoan…».
Barne ministerioetatik propio filtratutako informazioetatik harago badakigu zer dagoen: Espainiako Gobernuaren inmobilismoa. Hori da espetxe politika makurraren arduradun bakarra. Beraz, mugitzen ez denari eskatu beharko diogu, ozen, urratsak egitea.