Bandera bakarra paseatu zuen Hondarribiak atzo egin zitzaion harreran. Ez da gutxi, baina Pasaian Oriori bi puntuko tartea jan eta gero, lider bezala hasi nahi zuten astea. Pasaiko bi traineruek orain arteko emaitza onena lortu zuten Orion eta San Juan ozta-ozta ez da ohorezko txandan sartu.

Hondarribiak ezin izan zuen Pasaikoa errepikatu
Hondarribiak ezin izan zuen larunbatean hasitakoa atzo biribildu eta bandera bakarra paseatu zuen arratsaldean Portuan. Ez da gutxi, baina Pasaian garaipena handia lortu eta Oriori bi puntuko tartea jan eta gero, lider bezala hasi nahi zuten astea hondarribiarrek. Hori ezin izan dute lortu, baina puntu batean murriztu dute oriotarrek zuten aldea eta sailkapena bero-bero jarri da. Bigarren asteburuan jarraian, Orio baino gehiago izan da Hondarribia.
Urdaibaik irabazi zuen atzo Orioko Kanpina Bandera, Oria errekan egindako erlojuaren kontra. Pasaian eguraldiak kendutakoa itzuli zien atzo bermeotarrei, eta hori aprobetxatu zuen ontzi urdinak. San Miguel Ligako hamabi ontzientzat estropada gogorra izan zen, ur gutxirekin eta goraka zihoan haizearekin sartu zirelako uretara.
Hirugarren txandako ontziek ez zuten gainditu beharreko etsai bakarra Urdaibai izan, haizearen kontra ere lehiatu behar izan baitzuten. Etxeko trainerua eta Ama Guadalupekoa izan ziren horretarako gai, ohorezko txandako beste bi ontziak ez bezala; Kaiku bederatzigarren izan zen eta Tiranek Pedreñaren denbora baino ez zuen hobetu.
Ur gutxi duenean estropada eremu zaila da Oriokoa, eta horiek inork baino hobeto ezagutzen dute halakoetan zein bide hartu behar den. Hala, Urdaibaik bandera eskuan zuela zirudienean, bizkaitarren denboratik oso gertu ibili ziren oriotarrak eta 96 ehunenengatik ez zuten estropada irabazi. Ama Guadalupekoak Orioren atzetik egin zuen erlojuaren kontrako borroka eta oriotarren uhara jarraitu zuen. Denbora ona egin zuten Orbañanosen mutilek, baina atzo, Orio nagusitu zitzaien. Hirugarren izan ziren berdeak; Urdaibaik baino hiru segundo gehiago behar izan zuten estropada osatzeko.
Pasaitarrak, ondo
Pasaiko bi traineruek orain arteko emaitza onena lortu zuten Orion, lehen seien artean sartu baitziren biak. Pasai Donibane Koxtape-San Juan bosgarren izan zen eta Tiranekin berdindu du sailkapen nagusian. Datorren asteburuan oraindik galiziarrak bogatuko dute ohorezko txandan, baina hortxe hortxe dira sanjuandarrak.
San Pedrok ere estropada bikaina egin zuen, bere txandan bigarren Bermeoren atzetik, eta banderako sailkapenean seigarren. Ligan hamargarren jarraitzen dute baina Astillero harrapatu dute dagoeneko.
San Miguel Liga. Sailkapen orokorra
- Orio: 74 puntu.
- Hondarribia. 73 puntu.
- Kaiku: 59 puntu.
- Tirán: 43 puntu.
- San Juan. 43 puntu.
- Cabo da Cruz: 42 puntu.
- Zierbena. 38 puntu.
- Portugalete. 37 puntu.
- Astillero. 30 puntu.
- San Pedro. 30 puntu.
- Pedreña: 6 puntu.
- Urdaibai. -25 puntu.