Gaztefolk jaialdiaren argazki lehiaketaren eta pintxo dastaketaren aurkezpena
Eraiki Dantza Taldeak Gaztefolk XVIII. Bidasoaldeko Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdiaren argazki lehiaketa eta pintxo dastaketa aurkeztu ditu gaur goizean, jaialdiaren aurrerapen moduan. Aurtengoan, uztailaren 24tik 29ra bitartean garatuko dute gaztetxoen folklorearen festa.
2013ko argazki lehiaketaren sariak banatu ditu taldeak gaur goizean: Javier Garmendiak 3. saria jaso du; Gerardo Garciak bigarrena; eta Eva Pascualek lehena. Horrez gain, Gazteriaren Saria ere eman dute kideek. Parte hartzaileen irudiak Irungo saltokietan sakabanatuta erakusgai jarriko dituztela jakitera eman du Eraikik.
Hala, aurtengo lehiaketari begira, amateur txapelketa dela gogora ekarri dute antolatzaileek. Gaiari dagokionez, jaialdia islatzen duten argazkiak aurkeztu ahal direla ere argitu dute.
Azkenik, aurten lehen aldiz pintxo dastaketa izango dela jakitera eman dute. Gonbidatutako bisitarien jatorrizko herrialdeetan oinarritutako dastaketa dela adierazi dute. Izan ere, euren jatorrizko herrialdeetako errezetak luzatu eta Irungo tabernetan prestatuko dituzte. Irun Dastaturekin elkarlanean antolatutako iniziatiba da.
Aste honetan aurkeztuko du Eraikik Gaztefolk jaialdia.