Ubilla kaleko bizilagunak eraikin baten egoerarekin kexu agertu dira
Larrituta agertu dira Ubilla kaleko bizilagunak bertan kokatuta dagoen eraikin baten egoerarekin. Eraikina “erortzeko zorian” dela adierazi dute auzotarrek komunikabideetara igorritako ohar baten bidez: “Udaletik adierazi digute apuntalatutako eraikina Merkatu plazan egitekoak diren eraikin berriaren proiektuan sartuta dagoela eta obra egiteko baimena dagoeneko badutela. Hala ere, oraingoz lanekin hasteko asmorik ez dutela esan digute eta ondorioz, erortzeko zorian dagoen eraikina botatzeko asmorik ez dutela”.
Egoera horrek “eragin kaltegarria” duela eta, lehenbailehen eraisteko eskaria luzatu diote udal gobernuari: “Pasabidea oztopatzen du, ibilgailuen pasabidea barne (anbulantzia, suhiltzaileena….), ondoko eraikinean hezetasuna sortzen du, eraikinetik harri zatiak erortzen dira, zikinkeria pilatzen da…”
Zentzu horretan, interes publikoaren alde egiteko eskatu diote bizilagunek tokiko gobernuari, “eta ez pribatuaren alde, eta partikular batek bere eraikina eraitsi nahi ez duelako kale bat itxita edukitzea (erortzear dagoena eta bizilagunentzat arriskutsua eta deserosoa dena) interes pribatuaren alde egitea dela deritzogu” iritzi diote bizilagunek. “Gainera etxea hondatutako eraikin bezala izendatuta dagoenez udalak berehala botatzeko agindu bat aurrera eraman beharko luke”, gaineratu dute.
Bizilagunen aburuz gainera, eraikin hori Kale Nagusian edo beste kale ezagunago batean egonda, jada eraitsita egongo zela uste dute. “Hau guztiagatik eta ia bi urte egoera hau jasaten daramagulako udalari eraikina berehala eraitsia izan dadin eskatzen diogu”, bukatu dute.