Hondarribiak irabazi du La Caixa Bandera Pasai San Pedron eta Oriorekin berdindu du sailkapen nagusian. Erlojuaren kontra lehiatuko dira bihar Oria ibaian, lehen postua jokoan. Euskotren Ligan Hibaika nagusitu zaio San Juani eta oreretarrak aurretik jarri dira sailkapen nagusian.
Asteburuan ligako lidergoa lortu nahi zuten berdeek eta bidean dira
Hondarribiak errekorra hautsi eta bandera irabazi du San Pedron, arratsaldean ospatu den II La Caixa Banderan. Kaiku bigarren sailkatu da, hiru segundora, eta Orio hirugarren, hamarrera. Berdeek bi puntu jan dizkiete horiei sailkapen nagusian eta berdinketa dago lidergoan. Orioko erlujuaren kontrako estropadan erabakiko da bihar bi oztzietatik zeinentzat den San Miguel Ligako behin behineko lehen postua.
Pasai Donibane Koxtape-San Juanek bigarren txandan bogatu du, Cabo, Portugalete eta Zierbenarekin. Txandako hirugarren postuan geratu dira sanjuandarrak, beste txandetan laugarren kaletik atera diren beste bi traineruak bezala. Sailkapen nagusian zazpigarrenak izan da Koxtape, irabazlearengandik 33 segundora, eta postu hori bera dute ligan.
San Pedro lehen txandan atera da, eta minutu batzuk lehenago sartu den galernaren kontra egin behar izan dute arraun. 11.ak izan da Libia, bakarrik Pedreñaren aurretik. Hondarribiak baino minutu bat eta hemeretzi segundo gehiago behar izan ditu San Pedrok, baina bere txandan atera den eta bandera irabazteko hautagaietako bat zen Urdaibaik ere minututik gora galdu du Mikel Orbañanosen mutilekin alderatuta.
Hibaikak garaipen bikoitza
Ondo bukatu du Hibaikak
Euskotren Ligako proba jokatu dute aurretik Pasaiako badian. Espero bezala Hibaika eta Pasai Donibane Koxtape-San Juan ontzien arteko lehia izan da, eta estropada arrosak aurretik hasi duten arren, azken luzean oreretarrak nagusitu dira. Lehen ziabogan segundo bat aurretik ziren arrosak, bigarrenean tarte hori mantendu dute, baina indartsuago bukatu dute beltzek eta lau segundoko tartearekin sartu dira helmugan. Bandera eta ligako lehen postua beraientzat.