Geroz eta jende gehiago hurbiltzen da SUP Yogara. Koltxoneta utzi eta olatu gainean yoga egiteko garai ona da uda. Hondarribian HS2 eskolak antolatzen ditu klaseak astero
Aretotik atera eta yoga naturan egiteko garai aparta da udan
Olatu gainean erori gabe ibiltzen dira surflariak, oreka mantenduz. Ongizate fisikoa eta mentala bilatzen dute yoga praktikatzen dutenek, gorputzaren eta arimaren arteko oreka. Oreka garrantzitsua yogan, ezinbestekoa surfean. Oreka da ere Gipuzkoara duela hiru urte iritsi zen SUP Yoga disziplinaren funtsa. Oreka mantendu, barne oreka helburu.
HS2k (Hondarribia SUP Skola) ematen ditu SUP Yoga ikastaroak Hondarribiko hondartzan eta Ane Otxoteko irakasleak azaltzen duenez, edozeinek eman dezake izena: “Bi disziplina horien elkarketa da. Zerotik has zaitezke lehen egunetik, bai SUParen aldetik, bai yogarenetik. Noski, jakin behar duzu arraun egiten pixka bat, taulan oreka hartzen”.
Aurretik taula gainera igo direnek abantaila txiki bat dute, baina yogari dagokionez, ez da beharrezkoa eskarmentua izatea. “Ez duzu zertan yoga egiten jakin beharrik, nik azalpenak ematen ditudalako, nik zuzentzen dut egin beharrekoa, gorputza taula gainean lantzea da”, argitu du irakasleak.
Otxotekok bietatik daki, surflaria da eta yoga praktikatzen du, eta irakatsi ere egiten du. “Yogako irakaslea naiz eta hemen ere [HS2n] surf monitorea naiz. Baldintza horiek betetzen nituen, yoga jakitea eta taulan ibiltzea, eta praktikan jarri nuen”. Aurten laugarren udaldia da Hondarribian itsasoan yoga egiteko aukera eskaini dutena. Larunbatero elkartzen dira, baina eskaera egonez gero igandean era antolatu ditzakete klaseak, “edo astean zehar ere bai”.
“Presentzia handiagoa”
SUPeko taulak erabiltzen dituzte yoga egiteko. Zutik eta arraun batekin egiten den surf modalitatea da SUP (Surf Up Paddle), eta taula handiak darabiltzate, zutik joatea errazten dutenak. Hondarribiko hondartza, berez, olatuetatik gordeta dago eta egokia da SUPean hasiberriak direnentzat. Gainera, hondartzaren ezkerraldean daude HS2koak, eremu babestuenean. Hortaz, surfean eskarmentu handirik ez dutenek, erraz moldatu daitezke SUP Yogan.
Zerotik hasi eta erronka handitzen doaz
Itsas ertzetik ez oso urruti egiten dute SUP Yoga, buia bati lotuta. Taulak elkarri lotzen dituzte eta irakasleak buian amarratzen du bere soka. Beste batzuetan denak lotzen dira buiara, bitxilore bat osatuz. Horrekin nahiko dute itsasoan yoga egiten hasteko.
Bi disziplinak elkartzen ditu SUP Yogak, baina Otxotekorentzat ez da bien elkarketa soila. “Ez da gauza bera yoga areto batean egitea edo hemen, eta nik honek ematen diguna aprobetxatzen dut. Batetik, naturarekin kontaktua, eta bestetik, taula uretan egoteak, mugikorra izateak, laguntzen digu presentzia gehiago edukitzen egiten ari garen horretan, eta hori oso inportantea da yoga egiterakoan”. Inportantea, eta nahitaezkoa. “Oinarri finko batean, ohituragatik edo posturak dakizkizulako, presentzia joan egiten zaizu. Hemen ezin duzu galdu, galduz gera uretara joaten zarelako”, gaineratu du.
Gainontzeko urtaroetan ere
Berez, yogako mugimendu edo jarrera guztiak eraman daitezke olatu gainera, baina HS2n errezenetik hasten dira. “Jendeak uste du dena baino zailagoa dela. Argi eta garbi, maila desberdinetan egin daiteke, baina gorputza oso pegatuta baduzu taulan, oreka errazago mantentzen da, etzanda ere jarri zaitezke, eta hori yogako postura bat bada”, azaldu du irakasleak. Hala, errezetik hasi eta poliki-poliki altxatzen joaten dira, erronka handituz: “lehen egunerako gauza oso xumeak egin daitezke eta sentsazioak oso atseginak dira”.
Otxotekok onartu duenez, batzuk behin probatu eta kitto, ez zaizkio bueltatzen, baina beste batzuekin taldetxoa osatu du eta ia astero errepikatzen dute. “Batzuek lurrean ere egiten dute yoga, baina hemen beste erronka bat aurkitzen dute, ez dauka zerikusirik”, gehitu du.
Probatu nahi duenak aukera izango du iraila arte Hondarribiko hondartzan, ezkerreko aldean. Han daude HS2koek jarri duten dendatxoa eta SUP taulak alokatzeko edukiontziak. Hori bai, komeni da aldez aurretik haiekin harremanetan jartzea,
Facebook bidez, edo 696 41 33 75 telefono zenbakira deituta. Ordutegiez, prezioaz, eta abar informatzen dute bertan.
Yoga eta surfa batzen ditu SUP yogak. Zalantzarik gabe, yoga praktikatzen dutenentzat aukera ona da uda garaia iristen denean. Baina ez oraingo bakarrik, Hondarribitik turistak joaten direnean ere modalitate hori praktikatzen jarraituko baitute, badian, Arraun Elkartearen inguruan. “Hori bai, udazkenetik aurrera neoprenoa jantzita ateratzen gara”, zehaztu du Ane Otxoteko HS2ko irakasleak.
Irristatze kirol arraroen aitzindari eta harrobia
Hondarribiko SUP Eskola (HS2) ireki zutenean, oso gutxik ezagutzen zuten SUP kirola. Baina dagoeneko ohikoa bilakatu da Hondarribian norbait surf taula luze batekin arraunean ibiltzen ikustea.
Are gehiago, hondarribiarrek normaltasunez ikusten dituzte jada kanoa hawaiiarra, neurri eta forma guztietako patineteak, scoot-ak, edota haur txikiek erabiltzen dituztenak bezalako triziklo erraldoiak.
Irristatze modalitate guztiak praktikatzen dituzte HS2koek eta urtero txapelketak antolatzen dituzte Bikingo Egunean. Konpetitu ere egiten dute. Espainiko scoot zirkuituan ondo ari den gaztetxo bat badute, Aitor Palencia, eta SUPean, Cyara Palenzuela hondarribiarra gazte mailako munduko txapelketa, 12 urterekin.