Urrezko Edukiontzia
Txingudiko Zerbitzuak-ek jakitera eman duenez, Dunboa auzoak irabazi du ekaineko Urrezko Edukiontzia. %34,86koa izan da bertan lortutako gaikako bilketa Txinzerrek luzatutako datuen arabera. Larreaundi auzoa izan da ekainean bigarren, %34,79arekin, eta Hondarribiko Amute-Kosta auzoa eta Irungo Erdialdea ondoren, % 31,47ko eta % 31,43ko birziklapen tasarekin hurrenez hurren. Azken honekin bukatuko da birziklapenaren inguruan Txinzerretik bultzatutako kanpaina.
Hala, abuztuaren bukaerara arte ikusgai izango da Urrezko Edukiontzia Dunboan. Lehenik, Nafarroa etorbidean kokatuko dute eta ondoren, auzoan barrena mugituko da urre koloreko edukiontzia. Horrekin batera iganderako aurreikusitako kale animazioa bertan behera gelditu dela ere adierazi dute Txingudiko Zerbitzuak-etik, “euria iragarri dutelako”.
Azken honekin bukaerara iritsiko da Txinzerren erronka. Erakundeak azaldutakoaren arabera, “Urrezko Edukiontziaren kanpaina jarri genuen abian urtarrilean hainbat helburu lortzeko asmoz: auzokoak bultzatzea hondakinak bereiztea, eta horrenbestez, birziklatze mailak hobetzea eta gaikako bilketaren datuak hobeto ezagutzea auzoz auzo”. Horri esker, emaitzak ezagututa “eremu desberdinetako egoera aztertu eta beste era bateko ekintza zehatzagoak jarri ahal izango ditugu abian”.