Irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzendutako gizarte ongizate alorreko ez ohiko diru laguntzak jasotzeko izen emate epea zabaldu du dagoeneko Irungo Udalak. 48.000 euroko laguntzak izango dira denera eta bi ildo ezberdin jorratuko dituzte. Batetik, izaera orokorreko laguntzak banatuko dira, eta bestetik, Irungo hiritarren lehen mailako arretarako diru laguntzak bideratuko dira.
Lehenengo diru laguntzen kasuan, gizarteratzea, berdintasuna, immigrazioa, aniztasunaren kudeaketa eta osasuna lantzen dituzten jarduerei begira eskatu ahal izango dira. 38.000 euro bideratuko ditu udalak horretarako.
Bigarrenean aldiz, lehen mailako arretarako eta gizartetik at gelditzeko arriskuan dauden irundarrei zuzendutako jarduerak garatzeko diru laguntzak izango dira. 10.000 euroko partida prestatu du udalak horretan laguntzeko.
Irabazi asmorik gabeko elkarteek egin ahal izango dute diru laguntza horietarako eskaria. Egoitza soziala Irunen izan beharko dute elkarte horiek edota bestela, Gipuzkoan, baina euren programak hirian garatu beharko dituzte. Erakunde interesatuek, hilaren 29ra arte egin ahal izango dute eskaria HAZ bulegoan edo udalaren
webgunean.