
Langunek egindako ikerketaren aurkezpena
Bidasoa: eskualde bat hiru hizkuntza. Kudeaketa programa eleaniztun baterantz izenpeko ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen atzo goizean Langunek Ficoban antolatutako jardunaldian. Horren arabera, “eleaniztasuna areagotu nahi da eskualdean, enpresen lehiakortasuna areagotzeko eta hiritarrek gizarte-kohesio handiagoa izateko, lan-merkatu bakarra sortuz”.
Euskal Herriko hizkuntza-industrien sektoreko enpresak izan dira jardunaldian, eta lehiakortasuna hobetzeko prozesuetan eleaniztasuna kudeaketa tresna berri gisa barneratu duten erakundeen adibide praktikoak ezagutarazi dituzte. Horiez gain, Emun Aholkularitzak eta Euskadiko Etxeko Klusterraren zuzendariak “tokiko hizkuntzen balioa ingurune eleaniztun batean” nabarmendu dute.
Era berean, Elhuyar Aholkularitza enpresak EHUren eta Bordeleko (Okzitania) Unibertsitateak elkarlanean sortutako Euskampus erakundean egiten ari den eleaniztasun egoki baterako lana aurkeztu du. Eta bukatzeko, Elduaien Hizkuntza Eskolak enpresen nazioartekotzeko prozesuan aintzat hartzen ez diren “xehetasun” batzuk partekatu ditu.
Horiek horrela, Langune elkartearen Fernando Alana zuzendariaren arabera, “Europako enpresa txiki eta ertainen portzentaia handi bat kontraturik gabe geratzen da hizkuntza eta kulturen arteko gaitasun faltagatik”. Zentzu horretan, “eleaniztasuna aspektu gakoa da enpresaren estrategia-markoan”, gaineratu du. Izan ere, hegoaldetik iparraldera “bizitokien eta saltokien lekualdatze garrantzitsua” izan dela aipatu du Alanak eta ondorioz, “eleaniztasunaren aldeko apustuan aurrera egiteko marko ezin hobea” dela Bidasoaldea.
Langune, Hizkuntzen Industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen elkarteak burutu du ikerketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo Sailak eta Bidasoa Bizirik garapen Agentziak bultzatuta.
Ikerketaren xehetasunak atxikitutako agirian kontsulta daitezke.
‘Eskualde bat hiru hizkuntza’