Udalak kale garbiketan aritzeko lan poltsa zabalduko du
Pasaiako kale garbiketa publikoa izango da berriz ere zortzi urteren ondoren. Hala iragarri dute gaur Amaia Agirregabiria alkateak eta Miguel Mari Torrea zinegotziak Arizabalon eman duten prentsaurrekoan.
Pasaiako kale garbiketa publikoa izango da berriz ere zortzi urteren ondoren. Hala iragarri dute gaur Amaia Agirregabiria alkateak
eta Miguel Mari Torrea zinegotziak Arizabalon eman duten prentsaurrekoan.
2006. urteaz geroztik FCCko langileen ardura izan da Pasaiako kaleak garbi mantentzea. PSE-EEk hartu zuen zerbitzua pribatizatzeko erabakia, eta zortzi urterako kontratua sinatu zuten FCCrekin. Egungo udal gobernuaren iritziz, ordea, «kontratua ohi baino luzeagoa» izateaz gain, pasaitarrek «oso garesti» ordaindu dute. Gaur zehaztu dutenez, bataz beste 96.500 euro ordaindu dizkio Pasaiako Udalak FCCri hilero; zortzi urtetan 9.550.000 euro.
Hilean 29.700 euro gutxiago
Zerbitzua publifikatuta, hilero 29.700 euro aurreztuko dituztela esan dute, eta zerbitzua «merkeagoa» izateaz gain, «hobea» izango dela iragarri . Hamabost lagun kontratatu beharko dituztela aurreratu dute, eta horretarako lan poltsa zabalduko dutela iragarri.
Bide beretik, FCCko langileen ordezkaritza sindikalarekin bildu direla argitu dute, beren asmoen berri eman eta lehiaketa publikoan hautagaien merituak eta esperientzia baloratuko dituztela argitzeko.