Iaz aspaldiko euri gehiena egin zuen Endarako arroan baina Jaizkibel Mendia Babes Dezagun talde ekologistak salatu du Irun eta Hondarribiko kontsumoaren halako bi itsasora isuri zuela Txinzerrek, urtegiaren maila %80tik jaitsi araziz, Jaizkibelgo zundaketak erabili ahal izateko.
Talde ekologistako kideetako batzuk, gaur goizean
Azken 60 urtetan ez du iaz bezain beste euri egin Lesakako (Nafarroa) Endarako arroan, Irun eta Hondarribia urez hornitzen dituen San Anton urtegia kokatuta dagoen eremuan. Urtegia eraiki zutenetik bataz beste metro koadroko 2.386 milimetro jaso dira urtean eta iaz 3.388 milimetroko, hamar urteotako bigarren urte euritsuenean baino 616 gehiago. Eta horri gehitu behar zaio bi herrietako ur kontsumoa urtetik urtera jaisten doala. Iaz, 4,46 Hektometro kubo fakturatu zituen Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoak (Txinzer).
Baina gaur goizean Zuloaga Etxean emandako prentsaurrekoan, Jaizkibel Mendia Babes Dezagun (JMBD) talde ekologistak salatu du Txinzerrek Irustako zentral hidroelektrikoan 6,2 hektometro kubo turbinatu eta ondoren itsasora bota zituela, eta obrengatik zentrala geldirik egon zen lau hilabete eta erdietan ere Irustara doan ubidetik ura itsasora isurtzen jarraitu zutela esan du Anjel Alkain talde ekologistako kideak.
Bere esanetan, gutxienez 12 Hektometro kubo bota zituen Txinzerrek iaz, hau da, hiru aldiz bi herriek behar duten ura. Ondorioz, urtegiko maila %80tik behera jaitsi zen eta, hori horrela, Jaizkibel mendian eraikitako sei zundaketak erabiltzeko baimena lortu zuen Txinzerrek, Ura agentziak emandako ebazpenean hala zehazten baita.
Helburua, energia ekoiztea
Ekologistek behin baino gehiagoetan salatu dutenez, urtetan plubiometria datuak faltsutu ditu eta ura urtegitik itsasora isuri izan du Txinzer azken urteotan, Jaizkibeleko zundaketen beharra justifikatzeko. Hala, Alkainek uste du Txinzerrek Irun eta Hondarribia urez hornitzeko Jaizkibelgo erraietatik ura ponpatzeko sistema erabili nahi duela, urtegitik ahalik eta ur gehiena Irustako zentralera bideratzeko. Irustako energia ekoizpenean irregulartasunak salatu izan dituzte Eguzki eta Ekologistak Martxan talde ekologistek eta, salaketa horiek argitzeko, Energiaren Espainiako Batzordearen datuak eskatu ditu JMBDek gaur goizean.
Iaz, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak isuna jarri zion Txinzerri Endara errekako ur emaria ez bermatzeagatik, baina erakunde hori ezin da harago joan. Nolanahi ere, hainbat salaketa jarri izan dituzte Txinzerren kudeaketaren kontra eta gaia aztertzen ari dira epaitegietan.